Hasiera lasaia izan du 20. urteurreneko jaialdiak
Hiru egunez koloreztatuko du Bilbao BBK Live jaialdiak Kobetamendi, urtero legez. Lehendabiziko eguna gaindituta, Belle and Sebastian eta Robbie Williams izango dira bigarren eguneko protagonista nagusiak. Publiko atzerritarraren etorrera espero dute gaurkorako, beraz. Lehen egunean, euskal ordezkariak bikain aritu ziren.

Hogeigarren urteurrena du aurten Bilbao BBK Live jaialdiak eta, egiari zor, atzo ez genuen aurreko urteetako mugimendurik nabaritu jaialdiaren atarikoan eta lehen orduetan. Osteguna beti da lasaiagoa Kobetamendiko jaialdian eta atzokoan hori argi geratu zen. Nolanahi ere, nabaritu zitekeen publikoaren aniztasuna urterokoa zela, adin guztietako jendea, atzerritarrak ere presente, eta moda joera berrienak ere ikusgai Bilboko zelaietan.
GAR izan zen aurtengo jaialdia zabaldu zuen taldea. Hogeita hamarren bat lagun negutegian, eta Jon Garcia, taldeko sortzailea bera, bakarrik oholtza erdian, gitarra eta bere ahotsarekin emanaldiari hasiera ematen. Atzetik batu ziren besteak, boskotea osatzeko; rock formazio ohikoa teklatuarekin. Bateria kolpeak bikain entzuten ziren, garbi-garbi, taldearen musikan goxotasunaren eta potentziaren arteko nahasketa ederra sortzeko. ‘‘Oraina eskuetan’’ diskoa aurkezten izan zen Gaztea Maketa Lehiaketako azken irabazlea. «Ez da ordurik onena, baina hemen gaude», esan zuen Garciak, askok aipatu izan dugun horri erreferentzia eginez; izan ere, GAR bezalako euskal taldeek ordutegi zentralagoak hartzeko aukera merezi dute. Dena dela, pozik agertu zen Garcia kontzertu ostean NAIZ Irratiko mikroaren aurrean.
KONTRASTEZ BETETAKO HASIERA
Zelaian eta baso inguruan jende asko freskotasun bila ibili zen lehen orduetan, sargori baitzen Bilbo inguruan. Hodeitza ere agertu zen, baina euri mehatxurik ez, zorionez, jaialdiaz gozatu nahi zutenentzat.
Hala, Sara Zozayaren proposamen intimista eta esperimentala izan zen bigarren oholtzako lehen platera. Ikuskizuna espaziorako doitu zuen Zozayak, ohiko proiekzioak erabili ordez naturako irudiak jarriz LED pantailan. Soineko zuri berezi batekin jantzita eta haizagailuek ile luzea mugitzen ziotela, begiak itxita abestu zituen lehen konpasak. Estilismoa eta jantziak mimoz zaindu zituela aitortu zigun kontzertuaren ostean. Era berean, azpimarratu zuen «ordu erdiko emanaldiaren atzean ordu pila bateko lana» dagoela eta bere «lantaldearen babesa sekulakoa» dela.
Atrezzorako telebista zahar ugari jarri zituzten, garai desberdinetakoak. Pantailan bere irudia ere ikusi ahal izan zen, zuri-beltzean eta granoarekin ere bai, estetika bitxi eta mistiko batean. Jendea festibalera hurbilduz zebilen oraindik, gutxika-gutxika, baina donostiarrak bere magnetismo horrekin harrapatu zituen guztiak oholtzaren parean. Batzuk eserita, besteak zutik eta baten bat etzanda ere bai. Areto batetik halako oholtza handi batera aldea badago ere, eta bere emanaldian gau giroa eskertzen bada ere, bikain defendatu zuen bere proposamena Zozayak.
Zuritik beltzera pasatzea bezalakoa izan zen Radio Free Alice -eguneko lehen australiarrak- entzutera joan ginen unea. Indie eta surf estiloa uztartuz erritmo dantzagarrietan ibili ginen haiekin. Baita Las Petuniasekoekin ere, nahiz eta estiloz postpunketik gertu egon. Naxker ekarri ziguten burura, eta pentsatu ere pentsatu genuen ea zergatik ez zuten merezi haiek halako plaza bat. Dena dela, giro atsegina sortzeko ahalegina egin zuten, gertutasuna agerian utziz. Emakumez osatutako talde madrildarra, feminismoa ardatz duena, 2024an ateratako estreinako ‘‘Creo que soy de porcelana’’ diskoa aurkezten izan zen Bilbon. Hamazazpi urte zituztela martxan jarritako taldea; bidea egiten ari da.
POPA NAGUSI LEHEN ILUNTZEAN
Belen Aguilera abeslari katalanak oholtzaratze berezia egin zuen. Sirena baten moduan jantzita agertu zen, eta bere musikariak ere estetika berarekin agertu ziren oholtzara, kolore urdin pastel eta moreen artean. Eszenatokian, barku baten piezak ikus zitezkeen, Aguilera itsaso gaineko unibertso batean kokatzen zutenak. Dena, bere azken lana den ‘‘Mediterrania’’ EParekin lotuta. Mecano talderen ‘‘Hijo de la Luna’’ bezalako kantuen bertsioren bat ere abestu zuen bere ahots zerutarrarekin. Dani Fernandezen txanda izan zen ondoren. Besoa hautsi ostean, osasuntsu eta indartsu agertu zen Ciudad Realgoa, pop-rockaren energia bete-betean ekarriz Bilbao BBK Livera. Paris Paloma, FKA Twigs eta Calvin Harrisek itxi zuten lehen gaua.

El acto fallido de vito Quiles provoca cargas y heridos

El PNV se mete en un lío interno que atravesará la precampaña del 29N

Aznar pone marco, Ayuso tono y Vox guion a la reconquista

«Aurretik zenbait bilera baditugu ere, ez dugu inolako eskaintzarik jaso»
