Azken sei urteetan milioi bat kilo Euskal Okela gutxiago ekoitzi dira
EHNE sindikatua Lakuako Gobernuaren Donostiako egoitzaren aurrean bildu da, Euskal Okelak bizi duen egoera salatzeko. «Euskal okela anikilatzen ari dira» lelopean, Amaia Barredo EAEko sailburuak, egoera zein den ezagutzen duen arren, datuak itxuraldatzen dituela nabarmendu dute.

«Euskal okela anikilatzen ari dira» lelopean, EHNE sindikatua Lakuaren Gipuzkoako lurralde ordezkaritzaren aurrean bildu zen atzo. Besteak beste, Euskal Okela markaren katea jada hautsita dagoela salatu eta neurriak hartzeko dei egin zion EHNEk Lakuako Gobernuari.
Nekazaritzako sindikatuak gogorarazi zuen azken urteak «gogorrak» izan direla baserritarrentzat, covid-19a eta lehorteak tarteko. Garikoitz Nazabal EHNEko Gipuzkoako ordezkariak azaldu zuenaren arabera, gaur egun Euskal Okela ziurtagiria duen milioi bat kilo haragi gutxiago ekoizten dira 2020an baino. Azpimarratu zuen, gainera, azken bost urteetan %25 ekoizle gutxiago daudela merkatuan, eta ziurtagiria duen haragiaren %5 soilik dela bertako haragia. Horrez gain, pasa den negu osoan haragia falta izan zela salatu zuen Nazabalek, eta, «egungo bidetik», gehiago faltako dela.
SAILBURUA JAKINAREN GAINEAN
Egoera larriaren jakinaren gainean dagoen arren, Amaia Barredo EAEko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak datuak «manipulatzen» eta «ezkutatzen» dituela salatu zuen EHNEk. «Duela bi aste sailburuak Euskal Okelaren egoera ona dela azpimarratu zuen, sektore guztiarentzat duen erreferentzialtasuna eta balio erantsia nabarmenduz», gogoratu zuen Nazabalek. Adierazpen horiekin batera, Barredok azken urteko haragi ekoizleen inguruko datu positiboak ere argitaratu zituen, baina EHNEren aburuz ezinezkoa da uztailean jada eskuragarri izatea aurtengo datuak. Iraintzat jo zituen adierazpen horiek.
Sailburuarekin lehen aldiz orain dela bi urte elkartu ziren EHNEko ordezkariak, eta, haien hitzetan, ordutik, goi karguak egoera larria «zuritu» du. «Iraingarria da behi bat duen edo txahal bat gizentzen duen edonorentzat, arazoei aurre egin nahian zintzo lanean ari garenontzat eta, noski, Euskal Okela erosteko hautua egiten duen herritar bakoitzarentzat».
Agintarien agerpenak, ordea, argigarriak izan ohi direla uste du EHNEk. Izan ere, Lakuako Gobernuak, eta sailburuak, orain arte izan den euskal eredua ez dutela babestu eta mantendu aitortu dute: «Gizenketa enpresa handien alde, era monopolizatu eta zentralizatu baten alde egiten dute, eta gu ez gaude hori onartzeko prest».
Arazoa egiturazkotzat jo zuen Nazabalek, eta, beraz, ez dela «dirulaguntzekin konponduko» azaldu zuen. Sindikatuak mahai gainean jarri nahi du kontsumitzaileek haragiarengatik ordaintzen duten prezioa ekoizpen katean zehar modu duinean banatzea.
MERKATU PROPIOA
EHNEk beharrezko jo zuen Euskal Okelak merkatu propioa izatea, «balio kate orekatua» bermatuz. «Balio erantsi bat sortu, ziurtaturiko ekoizpen sistema guztiz natural eta kalitatezkoarekin, erosleari berme osoa eskainiko diona», zehaztu zuen Nazabalek.
Lakuari dei egin zion azalpenak emateko, eta salatu zuen sektorearen irudi «ponpoxoa» eskaini arren, arazoen jakitun, haragiaren plan sektorial bat egiten hasiak direla jada. «Izugarrizko kontraesana da, arazoa identifikatuta dago, baina ez zaio heldu nahi», ohartarazi zuen Nazabalek. Horregatik, beste aldera begiratzeari uzteko eta arazoaren berri ematen ari direnak gutxiesten uzteko eskatu zuen.
Amaitzeko, aurrerago zehaztuko dituzten iraileko mobilizazioetan parte hartzera dei egin zien EHNEk herritarrei.

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»

Los menores de 45 años confían más en EH Bildu y los mayores, en el PNV

«Zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»

Cuatro personas detenidas en diversos altercados durante la final del Mundial
