Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Izpilikua (I)

Sinan Antoonen “Khuzama” nobelan (Izpilikua, “Galeraz eta izpilikuaz” tituluarekin ingelesera itzulia, 2023), Iraketik ihesi Ameriketako Estatu Batuetan errefuxiatu gisa aterpe bilatzen duten bi gizonen gerra eta gerraosteko oroitzapenak zein erbesteko bizipenak azaltzen zaizkigu tartekatuta. Omar izan zen Iraketik joaten lehena, gerra amaitu berritan, eta Aginte Iraultzaileko Batzordearen 115. Dekretuaren ondorioak pairatu ostean. Alegia, belarri bat moztu ostean armadatik desertatzeagatik. Medikuek Husseinen erregimenak behartuta egin zituzten anputazio horiek, alternatiba kartzela ala heriotza zigorra (pazienteari laguntza eskainiz gero) zelarik. Omarri, behintzat, ez zioten markarik tatuatu bekokian, baina horrek ez dio kontsolamendu handirik ematen nahikoa markaturik baitago jadanik, fisikoki zein psikologikoki. Itxaropena du Ameriketako Estatu Batuetan kirurgia plastikoaren laguntzaz anputazioak eragindako kalte fisikoa osatu ahal izango duela. Kalte psikologikotik, ordea, zailagoa izango du osatzea.

Samik ez du inoiz politikan interesik agertu. Gaztetan herrikideentzat lagungarri izatea nahi zuen, eta helburua bete duela uste du atzerrian ikasketak egin eta Irakera mediku lizentziarekin bueltatu zelako. Gerra gogorra egin zitzaion artatu behar izan zituen izugarrikeriengatik, eta hura amaitu ostean bere lehengo bizimodura itzultzea espero zuen.