«Abandonatuak» diskoa aurkeztuko du Natxo de Felipek Hamabostaldian
Oskorrik 2015ean eskaini zuen azken kontzertua eta, orduz geroztik, salbuespenen bat kenduta, «munduko harrabotsetik» kanpo zegoen Natxo de Felipe. Semearen eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren bultzada tarteko, «Abandonatuak» diskoa ondu du Kuarteto Philiperena laukotearekin batera. Oskorriren diskografian argitaratu gabe ziren kantuak hartu dituzte oinarri. Abuztuaren 20an Arantzazuko santutegian eskainiko dute kontzertua.

Dagoeneko 11 urte pasa dira Oskorriren azken kontzertutik, atzean 45 urteko ibilbidea utzita -38 disko grabatu eta 500 kantutik gorako uzta utzi zuen taldeak-. «Bake santuan» eta «ondo erretiratuta, munduko harrabotsetatik alde eginda» zegoen orduz geroztik Natxo de Felipe. Baina pasa den udaran txinparta batek dena aldatu zuen, eta atzo “Abandonatuak” diskoa aurkeztu zuen Donostiako Kursaal jauregian. Abuztuaren 20an Arantzazun eskainiko duen kontzertua ere aurkeztu zuen, Xabier de Felipe semea, Przemyslaw Pujan biolin jotzailea, Oihana Muguerza Hamabostaldiko zuzendari artistikoaren albokoa eta Josebe Ormazuri Elkar diskoetxeko ordezkariarekin batera.
Erretiratua egon arren, pare bat kolaborazio eginak zituen Natxo de Felipek, Xabier Zeberiorekin eta Olaia Inziarterekin kantu bana grabatu baitzituen. Pasa den abuztuan, baina, Alos Quartetekin igo zen oholtzara hiru kantu interpretatzera eta bertan hasi zen, erremediorik gabe gainera, “Abandonatuak” proiektuaren «bide luzea».
Musika Hamabostaldiak Arantzazuko santutegian antolatutako emanaldian kolaboratu zuen Natxo de Felipek. Amaitzean, aldagelarik ez zegoela-eta, sakristian harrapatu zuen Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak, eta proposamena bota zion: hurrengo edizioko kontzertua egitea. Ezetz esan zion, baina ideia beste norbaiten belarrietara iritsi zen: «Aldamenean zegoen semea eta hark ere ondo entzun zuen. Etxeratu orduko hasi zen matraka». Aitak ezezkoari eutsi egin zion, baina azkenean eman zuen gakoarekin: «Benetako galdera egin nion: ‘Hik zer nahi duk, aitak kontzertu bat berriro egin dezala edo hik aitarekin kontzertu bat egitea?’. Eta horixe zen kontua». Amore eman behar izan zuen, izan ere, «amodio paterno-filiala sartzen da jokoan».
Hala, kontzertu berezi horretarako, Oskorriren garaietan sortu baina inoiz argitaratu gabeko kantuak berreskuratzea pentsatu zuen bilbotarrak. «Oskorrik kantu asko zeuzkan argitaratu gabe, disko baterako estilo bereko kantuak edo beste pieza batzuk zeudelako, eta artxiboan gelditu ziren. Eta nik esaten nien lagunei: ‘egunen batean kantu hauek aterako ditut eta egingo dut disko bat zuen lotsaizunerako!’» Mehatxua egia bihurtu da azkenean. Aitak bere partea eginda, etxeko-lana jarri zion semeari. «Orduan esan nion: ‘Errepertorioa hemen daukagu. Hik topatzen baldin baduk arreglista on bat laukoteko egokitzapenak egiteko, eta egiten baduk laukote polit bat, egin egingo dugu». Esan eta egin, prest da Natxo de Felipe, baita Kuarteto Philiperena ere, abuztuaren 20an Arantzazuko santutegian baztertutako kantuak oholtza gainera eraman eta jotzeko.
Pozik hartu zuen atzo hitza Natxo de Felipek Donostiako Kursaal jauregian eskainitako prentsaurrekoan. Mikroa hartu orduko zutitu zen azalpenak ematera, txantxa artean egin ere, stand up ikuskizun batean bakarrizketa bat eskaintzen egongo balitz bezala kasik. Eta sumatu zen bere hitz eta keinuetan gogotsu dela emanaldia iristeko: «Kantatu barik 11 urte egon ostean esaten nion nire buruari, ‘baina nola egingo dut nik kontzertua? Maskara bat beharko dut!’. Ba, ez, entseatzen nabil etxean eta forma onean, ondo nago». Kontzertua, diskoa bezala, «ederra» izango dela azaldu zuen.
PHILIPEREN
LAUKOTEA
Xabier de Felipek (Bilbo, 1987) berak osatu du aita lagunduko duen laukotea, eta, horrez gain, lehen biolina izango da. Bigarren biolina Przemyslaw Pujan Patxi (Poznan, Polonia, 1992) izango da, Esther Albak (Madril, Espainiako Estatua, 1981) biola joko du, eta Karmele Castillok (Portugalete, 2000) txeloa. Interpretazioaz gain, Pujanek moldaketa lanetan ere lagundu du. Eta noski, proiektu osoan zehar bezala, atzean badu bere istoriotxoa. Pujan eta Estherren etxera afaltzera joan zen Xabier de Felipe. Pujanek konposizio berri bat erakutsi zion bideoan. «Liluratuta gelditu nintzen, jenialitate totala iruditu zitzaidan». Afari horretan bertan erabaki zuen proiektuko arreglo guztiak egiteko eskatuko ziola. Aitari erakutsi zion bideoa eta Natxo de Felipek ere ez zuen zalantzarik egin.Przemyslaw Pujani buruz hitz egiterakoan, Txemo ezizena erabili zuen Natxo de Felipek. Baina biolin jotzaileak berak beste izen batez aurkeztu zuen bere burua: «Patxi naiz». Natxo de Felipek ez zuen aukera galdu Patxik Euskal Herrira iristean egin zuen lehen gauza euskaltegian izen ematea izan zela aipatzeko. Lehen hitzak euskaraz egin zituen musikari poloniarrek, hain zuzen ere, euskaraz fin ikasten dabilela frogatuz. De Felipetarrekin bizitako «abenturaz» hitz egiterakoan, lehen unetik «%100ean bihotz osoarekin murgildu» dela aitortu zuen. Eta gogora ekarri zituen Natxo de Feliperen etxean kantuen moldaketekin pasatako orduak eta orduak. «Natxok gitarra hartzen zuen eta jotzen hasten zen, eta orduan ni ordenagailuaren aurrean esertzen nintzen zoro baten moduan aldaketa guztiak biltzen». Bien arteko sintonia begien bistakoa da, eta, poloniarrak aitortu zuen, besteak beste, horregatik dela hain «autentikoa» emaitza.
DISKOA
Kontzertua prestatzen hasi bezain laster, argi gelditu zitzaion Natxo de Feliperi kantuak disko batean biltzeko beharra. «Hamabost pieza dira, hamabost atmosfera diferente. Ikusiko duzue oso lan eklektikoa dela». Gehienak, Oskorriren garaian alboratutako kantuak dira, Natxo de Felipek konposatutakoak. Baina badira berriak ere. Tartean, Paco Ibañezen “Juliarentzako hitzak” kantu euskaratua.
Piezak osatuta, Elkarren atea jo zuten eta diskoetxeak zalantza egin gabe zabaldu zizkien ateak, beste behin ere. Josebe Ormazurik esan moduan, «dozenaka disko egin ditugu elkarrekin eta dozenaka urte ere» baitituzte. Abuztuaren 20an diskoa zuzenean entzuteko aukera izango da, eta, horrez gain, honezkero salgai dago dendetan.

Kostaldean edo mendixka batean, baina herritik atera gabe

Iristea lortu duten milaka adingabeentzat «berehalako» babesa eskatu dute

«Hay altos funcionarios con conflicto de intereses y se les ha dejado hacer»
Las perversas txoznas de Algorta
