Nostalgia puntu hori
Ione Mendizabal
Ez dakit inoiz sentitu duzuen bizi izan ez duzuen zerbaiten nostalgia. Niri gertatzen zait maiz. Adibidez, 70eko hamarkadako musikaren nostalgia sentitzen dut garai haietako abestiak entzutean. Inoiz ez nuen bizi izan garai hura nire azalean, baina bizi izan banu bezala sentitzen du nire gorputzak.
Horrelako zerbait pasatzen zait bizilagunen arteko elkarlana eta laguntza ohikoa zen garaietan pentsatzean. Agian bada idealizazio puntu bat niregan. Baliteke nik imajinatzen dudan bezala inoiz izan ez izana, baina egunerokotasunean behin eta berriz datorkit burura nostalgia hori.
Goiz-goizetik hasten da; etxetik atera eta auzoko gertuko bizilagunei «kaixo» eta «agur» esatea hainbeste kostatzen zaiela ikustean, ondoko zelaiak eta amankomuneko zonak zaintzen ez dituztenean, zaborra lurretik bota dutela ikustean… Baina, batez ere, tristura gehien sortzen didana harremantzeko edo ez-harremantzeko jarrera da.
Duela egun batzuk beherago bizi den bizilagun batekin topatu nintzen. Harreman ona dut berekin, auzoan harremantzeko irekia dagoen gutxienetakoa da eta betidanik auzoan bizitakoa. Askotan galdetu izan diot nolakoa zen lehen auzoa eta berak pozik kontatzen dizkit aspaldiko garaietako istorioak. Muletekin zihoan eta ea zer pasatu zitzaion galdetu nion. Aldakan ebakuntza egin ziotela esan zidan. Berehala eskaini nintzaion laguntzeko, erosketaren bat egiteko edo behar zuenerako, eta izugarrizko sorpresa aurpegiarekin esan zidan:
-Baina zein jatorra zaren, ez?
Ta orduan ni izan nintzen harridura aurpegia jarri nuena…
-Ez al gaude horretarako bizilagunak? -erantzun nion momentuan-. Ez badugu gure artean elkar laguntzen, galduta gaude…
Pentsakor itzuli nintzen etxera… Noiztik barneratu dugu normaltzat norbera bere buruaz soilik arduratzea? Bizilagunak existituko ez balira bezala bizitzea? Auzokide sentimendurik ez izatea? Elkarren beharra dugula ukatzea? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste bestearekin jatorra izatea? Ez dut erantzunik, bai, ordea, nostalgia puntu hori.

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

«Zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»

Militares israelíes piden detener las acciones «terroristas» de los colonos

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»
