GARA
DONOSTIA

«Helmuga» azkartzea helburu, udako mobilizazioei garrantzia eman diete

Ehunka lagunek bat egin dute euskal presoak etxeratzeko aldarriarekin uztaileko azken ostirala dela-eta egindako elkarretaratze eta manifestazioetan, Sarek eta Etxeratek deituta. Era berean, bihar 11 hondartzatan zein Hego Euskal Herriko hiriburuetako aste nagusietan antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzera deitu dute.

Sarek eta Etxeratek deitutako mobilizazioetako bat, atzo Gasteizen.
Sarek eta Etxeratek deitutako mobilizazioetako bat, atzo Gasteizen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Uztaileko azken ostiralean, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriekin busti zituzten Euskal Herriko hainbat plaza atzo. Sarek eta Etxeratek deituta, dozenaka elkarretaratze egin zituzten Euskal Herriko hamaika txokotan euskal presoek oraindik ere gaur pairatzen duten salbuespen egoera salatzeko.

Uda bete-betean, oporraldiez gozatzen eta herri zein auzoetako jaietan murgildurik daude herritar gehienak. Beste askok, ordea, urtero egin ohi duten moduan, udako festak eta oporrak baliatzen dituzte aldarrikapenari ekiteko. Horren adibide dira sanferminetan egin zituzten mobilizazio zein Etxera egunak.

Ortzi-muga euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria izanik, udako mobilizazioen garrantzia aipatu zuten Sarek eta Etxeratek. Era berean, datozen asteetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Hain zuzen ere bihar 11 hondartza hartuko dituzte, turista zein herritarrei konponbide integralaren nahi eta beharrak adierazteko. Zehazki, Bizkaiko Bakio, Ea, Laga, Laida, Lekeitio, Mundaka, Muskiz-Zierbena eta Ondarroa, eta Gipuzkoako Deba, Donostia eta Zarauzko hondartzetan egingo dituzte elkarretaratzeak.

ABUZTUAN, MOBILIZAZIOZ BLAI

Abuztuan Gasteiz, Donostia zein Bilboko aste nagusietan ere mobilizazioak deitu dituzte Sarek eta Etxeratek, espetxean jarraitzen duten edota erbestean dauden preso zein iheslari eta deportatuen egoerari, behingoz eta behin betiko konponbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko.

«Ezinbestekoa zaigu, gizarte eta herri gisa, iraganeko zein egun indarrean jarraitzen duten sufrimenduak gainditzea. Legedia arrunta aplikatzearen bidetik etorriko da hori eta, gero eta gertuago bagaude ere, eskubide urraketa ugari dago oraindik erbestean zein espetxeetan. Instituzioen zein gizartearen ardura da urraketa horiei konponbidea ematea, eta udan ere lan horretan jardungo dugu etxeratzearen alde lanean ari garen herritarrok», ziurtatu zuten Sarek eta Etxeratek, azken ostiralean egindako elkarretaratzeen ondorengo irakurraldian.