Annabelle Bouchardonek bakarka igo du Drus mendiko «American direct»
24 urteko eskalatzaile frantziarrak hiru egun behar izan zituen jarduera hori burutu ahal izateko. Mendebaldeko horman dagoen ibilbide hori estilo horretan eskalatu duen lehenbiziko emakumea da.

Royal Robbins eta Gary Hemming estatubatuarrek 1962an Drus mendiko mendebaldeko murruan “American direct” bidea zabaldu zutenean, Annabelle Bouchardon artean ez zen jaio. 20 urte geroago, Christophe Profitek marra hori sokarik gabeko bakarkako eskaladan 3 ordu eta 10 minutuan igo zuenean, Bouchardon artean ez zen jaio. Catherine Destivellek pareta enblematiko horretan 1991n lerro bat bakarka sortu zuenean, Bourchardon artean ez zen jaio.
Bourchardonek egun 24 urte ditu, eta aipatu ditugun eskalatzaile historiko horiek bezala, urrezko pasarte bat idatzi berri du Chamonix zaintzen duen mendi ikoniko horretan. Gazte honek bakarka eskalatu du “American direct”. Hiru eguneko bidaia izan da. Gogora dezagun bakarkako estiloan Drus mendiak hamabiren bat igoera dituela. Protagonistak, jakina, izen handikoak dira: Bonatti, Desmaison, Batard, Lafaille, Honnold, Vedrines… Eta orain Bouchardon batu zaio talde horri.
Lerrootako protagonista gaztea denez, oraindik ez du ibilbide oso zabala. Baina zaratarik gabe, batez ere azkenaldiotan, urrats oso garrantzitsuak egin ditu. Drusera abiatu baino hamar egun lehenago, adibidez, Gran Pic de Belladonen jardun zuen. Berriro bakarka. Gainera, irteera horrek kutsu berezia izan zuen. Grenoblen bizikleta hartu eta mendiaren oinarrira hurbildu zen. Ondoren, “Le croix et le maniere” ibilbidea (ED-, 6b halabeharrez) eskalatu zuen. Eta jarduera hori biribildu ahal izateko, mendiaren gailurrean parapentea zabaldu eta hegan egin zuen.
“Entrenamendu” horren ondoren, Drus izan du helburu. Ekainaren 23an, goizeko 4:00etan, 17 kiloko petate edo motxila batekin paretaren oinarrira abiatu zen. Bi egun geroago, arratsaldeko 8:00etan, Druseko gailurrean zen, “American direct” bakarka eskalatu eta gero. Hiru egun eta bi bibak 1.100 metro eta ED- (6c) maila dituen bidean.
EZUSTEKOAK
Lehen eskalada eguna kopetako-argiarekin hasi zuen. 600 metro (17 luze) eskalatu eta lehen bibaka egin zuen. Ezusteko txiki bat izan zuen, kaskoa erori zitzaiolako: «Hasiberri baten akatsa izan zen». Ez zen gehiegi arduratu, ibilbide horretan goitik ez zuelako soka talderik izan. Halere, jaitsieran zehar arreta handiarekin rappelatu behar izan zuen, balizko harri erorikoak saihesteko. Igoeraren lehen urratsei dagokienez, gazte honek esan du erritmo aldaketa bat-batekoa izan zela. «Eskalada askoz zorrotzagoa bihurtu zen eta asko kontzentratu behar izan nuen. Arratsaldeko 4:00ak inguruan, beheraldi bat eman zidan eta erritmoa mantsotu nuen. Erritmo on bat aurkitzea ez zen erraza izan. Taldekide batekin eskalatzen dudanean, beti egiten dira atsedenaldiak arnasa berreskuratu eta zerbait jateko. Bakarrik gaudenean, ez daude. Gelditzera eta gozoki batzuk irenstera behartu nuen neure burua. Zorionez, hurrengo tarteak ez ziren hain zailak».
Hurrengo eskalada eguna ondo joan zen. Goian, tarterik tenteenak zituen zain: bi 6c eta eskalada artifizialeko zeharkaldi bat barne, zeinak iparraldeko aurpegiarekin bat egin arte zailtasun tekniko nagusien amaiera markatzen duen. Egunsentian eskalatzen hasi zen egun horretan: «Ez naiz oso azkarra, baina ezin dut hobeto egin. Haitza sinestezina den arren, eskalada artifizialak azkar aldatzen gaitu; ahalik eta eraginkorrena izan behar nuen».
Bigarren bibaka Trou du Canonen (horma-hobi txiki naturala) prestatzen ari zela ekaitz bortitz batek harrapatu zuen. Bouchardonek baieztatu duenez, une jakin horiek ez ziren batere atseginak izan.
Hirugarren eta azken eskalada egunean, berriz, Petit Druko (3.735 m) gailurra zapaldu zuen. Halere, oraindik lan guztiak ez zituen bukatu. Grand Drura joan zen eta, ondoren, jaitsierari ekin zion hegoaldeko isuritik: «Goizeko 8:00etan iritsi nintzen gailurrera. Lasaitasuna, poz ikaragarria, nekeak eta egiteko asko zegoen ziurtasunak zertxobait lausotuta. Hala ere, une bat hartu nuen dastatzeko, mezu bat bidali eta Ama Birjina besarkatu nuen, lagun zahar bat balitz bezala».
Nahiz eta rappel baten batzuk egin behar zituen, tontorrean denbora luzez egon zen atseden hartzen. Maniobra horiek eguerdian hasi zituen azkenean, eta 15:30ean glaziarrean zegoen. Ordubete geroago, aterpeko berotasunak hartu zuen: «Pozik nago... eta nekatuta. Kamioi batek harrapatu banindu bezala sentitzen naiz! Horma hau behetik begiratzen dudanean, harrotasuna sentitzen dut. Bide zail bat eskalatzea baino garrantzitsuagoa da lorpena. Petit Dru delako gailurra».

Iristea lortu duten milaka adingabeentzat «berehalako» babesa eskatu dute

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

«Ohartzen dira Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela»
