Goazen kalera, afaltzera!
Ez dakit den. Beharbada bai. Ekonomia zirkular zer horren adibidea izan daiteke, hitzen siglei aplikatua. Edo ez, Jainkoak berak baleki! Zutabe horizontal honetan honaino heldu den balizko irakurlea konturatuko zen honezkero KAS siglaz ari naizela. Adinez hainbat eklipse ikusita dugunok, betaurrekorik gabe ere, gogoan daukagu KAS hura, ustez Herriko Alternatiba zena! Freskagarria garaiko beroaldian! Baina iragana joana da, puntu eta bereiz! Portzierto, etorkizuna ez da gaur iraganean zen hura; zuri-beltzeko bide zuzen eta sinple hura grisezko bide txirikordatu konplexu bihurtu da gaur...
Harira Murgoitio, demontre, harira! Bai, barkatu. Bada hori, oraingo KAS honi bestelako freskotasuna dario, garaikoa. Kaleko Afari Solidarioak! Eta batzuk haserre, kaletik urrun bihotzerre. Egia esan, ez dakit zer ez duten gustuko: kalean izatea ote? Afaria izatea akaso? Ala solidarioa izatea? Hala dena batera? Batek daki, Jainkoak berak baleki!
Kontuak kontu, halako batean Kristo hura Urumea bazterreko estalperen batean jaio izan bazen eta bertako inguruetan predikua egin eta sermoitan ibili… zein zenakulutan egingo zioten azken afaria apostoluek beren zuzendari exekutiboari? Afaria kalean izatekotan… hara brigada mugikorrekoak Udalaren txilibitupean kristoa muntatzeko prest! Ama, ama! Kalean ezin afaldu eta bulego nagusietan korrokadaka! Zenakuluak denontzat!
Hau bizimodua! Mundua aldatzen ari da. Albistegiak ere. Horra! Orain “Eguraldia”-ren aurretik ematen dutena “Egurraldia” da, suteak nonahi. Keak jarri gaitu, beste behin ere, gure ispiluaren aurrean, eta hori ikusteko ez dugu aparteko betaurrekorik behar. Ez. Lehorteak bizi gaitu. “Goazen etxera, euria dakar eta!” esaera hartatik “Goazen kalera, euria dakar eta!” esaerara pasatuko gara. Kalera, bai, afaltzera!

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda

«Ohartzen dira Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela»

Iristea lortu duten milaka adingabeentzat «berehalako» babesa eskatu dute

Militares israelíes piden detener las acciones «terroristas» de los colonos
