EDITORIALA

Estatu egituretako itzalak argitu egin behar dira

Estatua, bloke monolitiko bat baino, botere erlazioek zeharkatutako gudu-zelaia dela esan zuen Antonio Gramscik. Gaurko GARAn Rafael Mendezek azaltzen duen bezala, 78ko erregimenaren barruan Estatu espainolean bada botere erlazio horiek erabat baldintzatzen dituen sektore bat, behar baino gutxiago lantzen dena: goi funtzionarioak. Trantsizio deitutako transakzioan «lotuta eta ondo lotuta» utzi zituzten beste zenbait zutaberekin batera, auzitan jarri ezin daitezkeen botere faktikoetako bat dira.

Goi funtzionarioak, izatez, erreforma politiko garrantzitsuenak bideratzen dituzten funtzionario multzoa dira. Funtzio garrantzitsua bete dezakete, bai erabakiak gauzatzerakoan, baita erabaki antidemokratikoen kontrapisu gisa ere. Alabaina, era eredugarri eta gardenean jardun ezean, interes publikoaren kontrako sektore korporatibo bilaka daitezke. Mendezek dioen bezala, Estatu espainolean hala dira. Hasteko, ez dute gardentasunez jarduten: erabakiak baldintzatzeko sekulako gaitasuna badute ere, itzalean aritzen dira, inori kontuak eman beharrik gabe. Segitzeko, haien jarduera publikoa ez da esklusiboa, eta, ondorioz, haien praktikak askotan ez dira eredugarriak izaten: adibidez, askok, nahiz eta soldata administrazio publikoak ordaindu, enpresa pribatu handientzat egiten dute lan. Are, hainbatek administrazio publikoaren kontra egiteko baliatu izan dute posizio eta ezagutza publiko hori. Azkenik, oposizioetara formalki edonor aurkeztu badaiteke ere, joera jakina izaten dute hautatuek: gehienak klase sozial altu eta kontserbadoreetakoak izaten dira, erabakiak ere norabide horretan baldintzatzen dituztelarik -euskal herritarren eskubide nazional eta sozialen kontra, ondorioz- .

Goi funtzionarioen demaseko botere horrek inpunitatea ematen die. Agintari politikoek ez dute esku hartzen: batzuek sektore horren interes korporatiboak bermatu nahi dituztelako; beste batzuek, berriz, ez direlako ausartzen, jakin badakitelako kontra eginez gero erabakiak trabatzeko gaitasuna dutela. Horren aurrean, Estatu egituretako botere erlazioak demokratizatuko badira, ezinbestekoa da itzal horiek guztiak argitara atera eta borrokatzea.