Fartsaren nagusitasuna edo elefantea egongelaren erdian
Gure herrian badugu, onartu behar, fartsarako joera bat, eta joera horrek gure bizitza sozialeko eta politikoko hainbat alor menperatzen du. Fartsarako gustu hori modu eta une askotan agerian agertzen zaigu. Hor dugu, adibidez, Hondarribiko eta Irungo alardeetan modu ezin garbiago urtero ikusten dugun espektakulua. Diskriminaziorik ezeko eta eskubideen berdintasunaren perspektiba batetik gutxi ausartuko lirateke esaten emakumeek eskubide osoa dutela irteteko nahi duten konpainietan, desfileetan edo postu eta funtzioetan: kantinera moduan, eskopeterak bezala edo, zergatik ez, zaldi baten gainean, jeneralen rola betetzen. Hori da politikari guztiek (edo ia) up-front esango luketena, kale erdian kazetari batek galdetuko balie. Baina ez kezkatu, politikari horiek (asko emakumeak, bide batez) ez lukete inolako kontraesanik aurkituko azaldutako berdinzaletasunaren aldeko postura edo iritzi horren eta beren Hondarribiko edo Irungo udaletan emakumeen eskubideen aurka urte hauetan guztietan (eta urte asko pasa dira jada!) hartutako hainbeste erabaki diskriminatorioen artean. Desadostasun hori justifikatzeko, batzuek esango dute «arazoa oso konplexua» dela, besteek «kanpokoek» ez dutela «jaien, desfileetako, mamia ezagutzen». Edo, injustizia guztiz onartezina den mailaren gainetik egiteko arriskua oso gertu ikusten dutenean, beraien esku dauden instituzioek alarde horiek antolatzeko duten pribilegio historikoari eta betebeharrari uko egingo diote eta desfile horiek elkarte pribatuen esku utziko dituzte, inguruabar horrek ekitaldi publiko baten berdinzaletasun printzipio erradikalaren beharra ezabatuko balu bezala. Fartsaren munduaren erdian gaude. Denok dakigu politikari horiek fartsa horren bitartez benetan bilatzen dutena zera dela, botoak ematen dizkietenen kontra eta lanpostu mamitsu horiek disfrutatzeko aukera ematen dieten bi herri horietako biztanleen aurka ez jotzea, eta, horrela, beren sostengua ez galtzea. Nahiz eta biztanle horien iritzia injustua, diskriminatorioa eta guztiz gaitzesgarria izan. Primum vivere deinde filosofare.
Fartsaren mundu honen beste adibide guztiz garbia, egun hauetan unibertsitatera sartzeko euskara proben emaitzen inguruan egin den kalapita mediatiko/politikoarena izan da. Bizkaiko emaitza horiek publiko egin zirenean espainolista eta euskararen kontrakoa den oldarraldiak, dela alderdi politikoan, dela alderdi mediatikoan, ez zuen asko tardatu bere gorrotoa modu ezin ageriagoan azaltzen. Horrek ez zigun sorpresa handirik ekarri. Negozio munduan esaten den lez, «deskontatua» zegoen.
Beste balorazio politiko bat merezi du Eusko Jaurlaritzaren erantzunak: guztiz lotsagarria, arazoaren zama proben zuzentzaileen sorbaldetan ipiniz, EHUri «gardentasuna» exijituz (Joseba Diez Antxustegiren hitzek marka guztiak gainditu zituzten!), aipatu gabe EHUk eta Eusko Jaurlaritzak proba horien erantzukizuna eta antolaketa partekatzen zituztela! Eta hori bai, erantzun horretan Eusko Jaurlaritzak kontu handia izan zuen benetako elementu susmagarria, the smoking gun, edo beste hitzetan, elefantea egongelaren erdian, ez aipatzeko: Bizkaiko A ereduko ikastetxe horien euskara maila kaskarra, guztiz eskasa. Eta hori herri honetako mundu soziolinguistikoan arras ezaguna da. Denok izan ditugu antzeko esperientziak A (eta B) eredutik etortzen diren mutil eta neskekin elkartzean beren euskara maila kaskarra antzemateko. Bizkaian gertatutakoaren aurrean, ikastetxe horietan ikasleen benetako euskara mailaren eta euskarari eskainitako orduen/esfortzuaren gaineko ikerketa bat irekitzea zatekeen erreakzio logikoa, eta inola ere ez proben zuzentzaileen aurka jotzea. Hori, logikoa dena, EAJk ez du inoiz egingo edo bultzatuko, ikerketa horien emaitzak aurretik ezagutzen dituelako, eta jakin badakielako ikerketa horien atzetik agertuko liratekeen emaitza horiek mahaigaineratzeak eredu linguistikoen amaiera suposatu beharko lukeela, eta horrek Eusko Jaurlaritza (eta aldundiak eta hainbeste udal) kontrolatzen jarraitzeko guztiz beharrezko duen PSOEren euskarria arrisku handian ipiniko lukeela. Hori da egoera, elefantea dugu berriro egongelaren erdian: Euskal Herrian euskara bultzatzea «erdarazko elebakarrak apartheid linguistiko batera kondenatzearekin» parekatzen duen alderdiaren sostengua ez galtzeko, EAJk ezin du eraman euskarazko proben gaia eraman beharko lukeen eremura. EAJrentzat euskararen auzia garrantzitsua izan daiteke, baina erakundeen kontrol politikoa askoz garrantzitsuagoa da. Horregatik esan dezakegu, hemen ere, berriro, fartsaren munduan sartu garela.
Orain Pandoraren kutxa ireki da. Galdera da, beti bezala kasu hauetan, nola itxiko dugun kutxa, ez aurten bakarrik, baita hurrengo urteetan ere? Agian A (eta B) ereduan ikasten duten ikasleen benetako euskara maila kaskarrera proba horiek egokitzen, hau da, proben balioa gutxitzen? Herri honen (edo hobeto batzuen) fartsarako gustua ezagututa, hori da aukerarik gertagarriena.

Relevo con polémica en el programa «En Jake»

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas llega a Insausti

Euskal Herria maite zuen ekintzaile eta bakezale sutsua
