GARA
URRUÑA

Irailean Comete sarea oroitzeko hainbat jarduera egingo dira

Comete Sarearen Lagunek Euskal Herrian hainbat ekitaldi antolatu dituzte irailaren 10etik 13rako. Besteak beste, Larresoroko Mandotxineko borda birgaitzeko proiektu bat aurkeztuko dute.

Comete Sarearen Lagunak elkartearen ekitaldi bat, 2023an.
Comete Sarearen Lagunak elkartearen ekitaldi bat, 2023an. (Guillaume FAUVEAU)

Comete Sarearen Lagunak elkarteak irailaren 10etik 13ra bitartean hainbat ekitaldi egingo ditu Euskal Herrian, Bigarren Mundu Gerran Euskal Erresistentziak eta Comete sareak egindako lana gogora ekartzeko. Egitarauak hitzaldiak, omenaldi instituzionalak eta memoria-ibilaldiak uztartuko ditu.

Bigarren Mundu Gerran, Comete sareak hegazkinlari aliatuei Frantzia okupatua zeharkatu eta Euskal Herritik barrena Erresuma Batura itzultzen laguntzen zien. Ihesbide haren funtsezko katebegia euskal kontrabandistak izan ziren, Alemaniako armadaren zaintza zorrotzaren erdian, Pirinioak zeharkatzen laguntzen baitzieten iheslariei.

Mediabask hedabideak iragarri zuenez, aurten, Angloye elkarteak omenduko ditu. Hasteko, irailaren 10ean, 18:00etan, Angeluko Udaletxeko dantzalekuan hitzaldi bat antolatu dute, “Askatasunaren bideak: ikerketa zientifikotik ondarearen birgaitzeraino”. Irailaren 11n, 18:00etan, Angeluko Lamothe plazan Alice Ruffo borrokalari ohien ministro delegatua eta Mathieu Duhamel Baionako suprefeta izanen dira, Comete sareko kideen omenez.

Azken bi egunetan, 1943 eta 1944 artean hegazkinlariek eta kontrabandistek Frantzia okupatutik ihes egiteko erabilitako bideak berregingo dira. Beraz, Mandotxineko borda artzaindegitik iragaten den lehen ibilaldi bat egingo da, irailaren 12an, eta Ezpeletatik abiatuko den ibilaldi luzeago bat irailaren 13an. Jarduerari amaiera emateko, Ezpeletako Ihi Lepo hilarrian ekitaldi bat antolatu dute.

ALIATUEI LAGUNTZEKO SAREA

1943ko otsailetik 1944ko ekainera 90 iheslari eta hegazkinlari aliatu inguru igarotzen ikusi zituen Mandotxineko bordak. Geroztik, abandonaturik, hondamen itxura hartu du tokiak. Hala ere, Comete Sarearen Lagunen iritziz, bere balio historikoa estimaezina da.

Baina benetako oroimen gune bilakatzeko, obra neketsu eta garesti bat egin behar da. Hori dela eta, elkarteak diru-bilketa bat abiatu du gunea berritzeko lanak finantzatu ahal izateko. Memoria-gunea 2029an irekitzea espero du.