EDITORIALA

Subiranotasunaren aldeko bulkada sendoa da

EAEko jendartearen gehiengo zabal baten subiranotasun gogoa jarri du berriro ere mahai gainean 2026ko Ituna inkestak. Herritarren %94,2k autogobernua mantentzearen edo handitzearen alde egiten dute, eta %66,3k lehentasunezko deritzote Estatutu berri bat onartzeari, Gernikakoak bete gabe jarraitzen duenean eta alderdiak horretaz eztabaidan ari direnean. Herritarrek autogobernuaren eta ongizatearen arteko lotura zuzena berresten dute. Kontzertu Ekonomikoa da horren adibide argia, herritarren %89,1entzat ezinbesteko tresna baita garapenerako. Gainera, alderdi unionistek zalantzan jartzen duten eremuetan, adibidez Gizarte Segurantzaren kudeaketan, herritarren %64,4k euskal erakundeen esku egotea babesten dute.

Emaitzok argi erakusten dute euskal jendarteak subiranotasuna garapenerako eta babes sozialerako ezinbesteko giltzarritzat duela. Era berean, autogobernuaren, subiranotasunaren eta independentziaren eztabaidak Estatuaren jokabideagatik erabat baldintzatuta daudela argi geratzen da. Inkestak azaleratzen duen datu batek erakusten du auziaren mamia: Estatuak bere kabuz Kontzertu Ekonomikoa bertan behera utziko balu, independentziaren aldeko hautua %20,5etik %51,1era igoko litzateke. Alegia, erasoen aurrean independentismoa bikoiztu baino gehiago egingo litzateke. Horrek argi uzten du euskal herritarrek ez dutela beren eskubideen murrizketarik onartuko eta subiranotasunaren aldarrikapena ez dela egun bateko lorea izango.

Euskal subiranotasuna bideragarria eta nahitaezkoa da bi agertoki nagusitan. Estatuaren aldetik ukazioa, birzentralizazioa edota errepresioa nagusitzen badira, euskal jendartea independentziaren inguruan bilduko da, autodefentsa demokratiko gisa. Aitzitik, elkarrizketan, demokrazian eta askatasunetan sakontzeko aukerak zabaltzen badira, subiranotasuna garapen sozial eta politikorako biderik eraginkorrena bezala gorpuztuko da. Bide batean zein bestean, euskal jendarteak esan du akordioak betetzeko daudela, ez duela atzerapausorik onartuko eta garapenaren bidean askatasuna hobesten duela. Borondate hori egikaritzen asmatzea da gakoa.