Egitarau oparoa antolatu dute Euskal Udalekuen jaialdirako
Elkartasun jaialdia antolatu dute Bernedon Euskal Udalekuek, abuztuaren 29an. Bertso bazkaria, Porrotx eta Zapotxin pailazoak, elektrotxaranga eta kontzertuak izango dira egun osoan zehar Arabako herrian. Bertaratzeko autobusa ere antolatu dute Gasteiztik.

Euskal Udalekuek elkartasun jaialdia egingo dute abuztuaren 29an Bernedon. Ekainean eman zuten dataren berri eta egitaraua zabaldu dute orain, adin guztietarako eskaintza zabalarekin.
Bertso bazkariarekin hasiko dute eguna, 14.00etan udalekuko zelaian. Kantuan Miren Artetxe eta Sustrai Colina bertsolariak izango dira. Ostean, 17.00etan, Porrotx eta Zapotxin pailazoek emanaldia eskainiko dute. Jarraian, 18.00etan, Elektropottotte elektrotxaranga abiatuko da udalekutik eta, herrian zehar ibili ondoren, frontoi-plazan amaituko du emanaldia. Bertan jarraituko du egitarauak.
Euskal Udalekuen aldeko ekitaldi nagusia egingo dute 20.00etan bertako kideek. Ekitaldia amaitutakoan hasiko da musika eskaintza zabala. Lehenik, lau bakarlari igoko dira oholtzara: Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Jon Basaguren eta Yogurinha Borova. Amaitzeko, berriz, Bele Ravenek eskainiko du azken kontzertua.
Ahalik eta auto gutxien Antolatzaileek iragarri dutenez, bazkarirako txartelak bost taberna hauetan daude salgai: Bilboko Adaxka, Donostiako La Bodeguilla, Gasteizko Anboto, Iruñeko Herriko Taberna eta Baionako Xina ostatua. Abuztuaren 15a izango da txartelak erosteko azkenengo eguna.
Era berean, autobusa ere antolatu dute Bernedora joateko. Gasteizko unibertsitateetatik abiatuko da 12.30ean, eta egitaraua amaitutakoan itzuliko da Bernedotik leku berera.
Txartelak eskuratzeko Euskal Udalekuen sare sozialetan dagoen galdetegia bete behar da abuztuaren 20a baino lehen. Antolatzaileek ahalik eta auto gutxien eramateko eskatu dute, Gasteiztik antolatutako autobusa edo ohiko garraio publikoa erabiltzeko aholkatuz.
«DIFAMAZIO KANPAINA»
Gasteizko Foruen plazan egin zuten jaialdiaren deialdia ekainean. Euskal Udalekuetako kideak jasaten ari diren «difamazio kanpaina» salatu zuten eta, «manipulazio mediatikorik gabe», orduko egoera zein zen azaldu. Gainera, abuztuaren 29rako Bernedon antolatu behar zuten jaialdiaren berri eman zuten, erakundeek «proiektua indargabetzeko duten estrategiaren» aurrean, eta «aisialdi eraldatzaile eta alternatibo» bat aldarrikatzeko asmoz.
Azpimarratu zuten hedabideak zabaltzen ari zirenaren aldean, ez erakundeek ez hezitzaileek ez zutela «inolako salaketa judizialik jaso». Era berean, bozeramaileek zehaztu nahi izan zuten jaso zituzten kexa zuzen bakarrak dutxen funtzionamenduarekin lotutakoak izan zirela.
Salatu zuten, halaber, hedabideen eta erakundeen erasoaldiak Bernedoko Administrazio Batzordea ere estutu zuela. Organo horrek, haien esanetan «beti elkarlanerako prest» egon den arren, Arabako Foru Aldundiaren presioa jaso ondoren -ekonomikoki haren mende baitago-, eteteko bidean jarri du udalekuak egiten ziren etxearen alokairu kontratua.
Azkenik, jaialdia iragarri eta jende guztia bertaratzera animatu ondoren, eskerrak eman nahi izan zizkieten irailaz geroztik Euskal Udalekuei babesa eta elkartasuna erakutsi dieten elkarte, familia eta norbanako guztiei.




