Udalak Auditz Akularren berdegunean eraikitzeko plana abiatu du
Ostiral honetan onartu du Donostiako Udalak Altza auzoko Auditz Akularren 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeari bide ematea. Altza XXI Herri Ekimena, ordea, erabaki horren aurka altxatu da, eta «iruzur orkestratu» bezala deskribatu du plana.

Donostiako Udalak atzo onartu zuen Altzaberri izeneko etxebizitza proiekturako lehen urratsa, Altza auzoko Auditz Akular berdegunean 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea helburu. Proposamena pasa den asteartean onartzekoa zen arren, erabakia atzeratu zuten, artikuluan paragrafo bat aldatu nahi izan zutelako «prozesua luzatuko luketen baliabideetatik babestu ahal izateko». EAEn une honetan planteatzen den egitasmo handiena da Altzakoa.
Zehatzago, Auditz Akular izeneko eremuko HAPOaren aldaketa puntuala idazteko kontratazio-espedientea onartu zuen Gobernu Batzordeak atzo. 665.500 euroko lizitazio-aurrekontua du eta kontratuaren iraupena 22 hilabetekoa da. Proiektua gauzatu ahal izateko lehenengo urratsa da hau.
Jon Insausti alkateak adierazi duenez, «izapideak azkartu eta irtenbideak bultzatu nahi izan ditu Udalak, hiriko erdiko klase zabalak etxebizitza eskuragarria izateko aukera izan dezan». Hurrengo ekimena Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria suspertzea izango dela erantsi du, zeinak datozen hamarkadetarako hiriaren diseinua eta etorkizuna definituko dituen.
Udalaren aurreikuspenen arabera, honekin 2027rako 1.222 etxebizitza eraikitzen hasteko aukera izango da, eta 2033rako 7.511 etxebizitza berri aurreikusten dituen plangintza onartuta legoke.
ERABAKIAREN AURKA
Altza XXI Herri Ekimena, ordea, Udal Gobernuaren erabakiaren aurka altxatu da. Argitaratu berri duen oharrean azaldu du etxebizitza krisia ez dela berria, eta badirela hainbat hamarkada hiriko etxebizitzak «ekonomia xumeentzat ez direla».
Auzo elkartearen aburuz, horren atzean dauden arrazoiak zehatzak dira: «Hiriak turismoari ematen dion erabilera, etxebizitza babestuak dituen udal-zikateria eta utzikeria orokorreko jarduera». Lakuak eta Udalak etxebizitza arloan «kudeaketa-gaitasun eza» izan dutela azpimarratu du.
Bestalde, auzokideek lehen lerrora ekarri dute Lakuaren Ingurumen Sailaren iritzia. Altzaberri proiektuaren aurka agertu diren taldeekin ez bildu izana leporatzen diote Sailari, eta, gainera, haien ikuspuntu berbera partekatzen dutela gogorarazi dute. «[Ingurumen Sailak] Auditz Akular ez okupatzea edo urbanizatzea gomendatzen du, bere ingurumen-balioengatik, eremuko nekazaritza-lurzoruen izaera estrategikoagatik, ibarretako landarediaren egoeragatik eta abarrengatik».
«IRUZUR ORKESTRATU» BAT
Haien iritziz, Ingurumen Saileko teknikariek ezin dute onartu proiektua, eta EAJk eta PSEk Plan Orokorra berrikusteko espedientearen egoera «manipulatu» eta «ezkutatu» dutela diote.
Hori gutxi balitz, auzo ekimenak dio Udal Gobernuko alderdiek ziria sartu dietela donostiarrei, eta «iruzur orkestratu» bat antolatu dutela. Plana berrikusteko espedientea lau urtez geldirik egon ostean, bizilagunek diote espediente hori «nahitaez» izapidetu behar dela legezko xedapen baten bidez. «Auzitegi Gorenak bere jurisprudentzian eskatzen baitu udalerriaren eremu oso zabal bati eragiten dion aldaketa puntuala planaren berrikuspenaren testuinguruan egitea», gehitu dute.
Altza XXIek auzokideei eta auzoko alderdiei dei egin die plan berri horren aurka mobilizatu eta mugimenduarekin bat egiteko. «Plan Orokorraren erronka ez da lurzoru berriak okupatzea, hiri-lurzoruaren ordenantza ausart eta handinahi bat egitea baizik», adierazi dute.




