Demokratikoa da Konstituzio espainiarra?
Legearen inperioa ez da demokrazia”, irakurri diot Alain Tourain soziologo frantsesari. Gutxiago lege hori armada faxista baten baimenaz eta hark agindutako mugetan jaio bada. 1978ko Konstituzio espainiarrak demokratikoa izateko hutsune larri batzuk ditu barnean, legearen zilegitasuna zalantzan jarri bakarrik ez, demokratikoa ez dela esatera bultzatzen dutenak. Hona elementu batzuk:
1. 1978ko Konstituzioa ez zen baldintza demokratikoetan idatzi, militarren kontrolpean baizik, eta biztanleria abertzale osoa zokoratu ondoren. Ez EAJri ez HBri ez zieten parte hartzen utzi Konstituzioaren konfigurazioan. Baztertuak izan ziren hasieratik. EAJren foruen defentsa eta HBren independentismoa ez ziren sartzen Espainiako Konstituzioan.
2. Okerrena, Espainiako militarrek behartu zuten 2. eta 8. artikuluen edukia hitzez hitz idaztera. Horra lekukotasunak:
-Sole Tura da Konstituzioaren bigarren artikulua nola idatzi zen argitzen duena. “Nacionalidades y nacionalismo en España” liburuan idatzita utzi zuen Moncloatik eskuz idatzitako paper bat iritsi zitzaiela Konstituzioa idazten ari ziren komisiokoei, koma bat aldatu gabe jarri behar zutena aginduz: «Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun banaezinean oinarritzen da». Nazio bakarra, beraz, Espainia.
-Zortzigarren artikulua ere bide beretik etorri zen eta horren testigantza Herrero de Miñonek utzi zuen idatzita “Memorias de estío” liburuan. Kasu honetan ere goitik etorri zitzaien secreto tanpoia zeraman idatzia. Han zetorren Konstituzioaren zortzigarren artikuluan idatzita gelditu behar zuena: «Indar armatuen egitekoa da Espainiaren subiranotasuna eta independentzia bermatzea, eta haren lurralde-osotasuna defendatzea». Armadaren esku, beraz, euskaldunon etorkizuna.
Zaila da demokratikotzat hartzea honela jaio den lege bat, baina espainolek arazorik gabe burutu dute ariketa hori. Inposaketa horri guztiari erantsi Euskal Herriak bizkarra eman ziola lege horri. Hautesleen erdiek baino gehiagok abstenitu edo ezezkoa eman zioten. Gainera, noiztik da demokratikoa “hau edo batere ez” formula?
Espainian bai onartu zen Konstituzioa. Ez, ordea, Euskal Herrian. Lege baten onarpena lurraldeka ematen denean, arazo nazional baten aurrean egon gaitezke. Kasu hauetan, demokraziak eskatzen du arazoaren sustraiak aurkitu eta politikoki konpontzen saiatzea.
Euskaldunok badugu gure sustrai kultural sendoa. Espainiako Konstituzioak, ordea, soilik gaztelar kultura babesten du gaztelarrentzat idatzi zelako, eta marko horretan inongo aterperik gabe gelditu ginen euskaldunak. Guk gure historiaren egile izan nahi dugu, eta horri demokrazia deitzen zaio. Eta asmo hori oztopatzen dabiltzanei gogoratu behar zaie jokabide horrek demokraziaren puntarik ere ez duela.

Euskal Herria maite zuen ekintzaile eta bakezale sutsua

Relevo con polémica en el programa «En Jake»

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas llega a Insausti
