Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Koska

Europa mendebaleko biztanleon bizi itxaropena ala euskal rockaren historia? Asko ala gutxi dira 50 urte? Izugarrikeria bat, bigarrena kontuan hartzen badugu. Horixe etorri zait burura Alfonso Guillok Badok atarian argitaratu duen testigantza irakurtzen ari nintzela. Gogoratu ditut sukaldeko irratian deskubritutako kantuak, musikaren bila, ia gauero, ohean egindako transistore bidezko bidaia iniziatikoak eta halakorik zuen lagun bakarraren disko jogailuaren inguruan lurrean eserita emandako orduak eta orduak. Atzoko jakin-nahia gaurko nostalgia? Komenigarria iruditzen zait garai haietan kokatzea, hobeto ulertzeko Koska taldearen ekarpen ezinbestekoa.

Adibidez, Alfonsok gogoratzen dizkigu, erreferentzien bilaketa etengabeaz gain, ezinbestean, musika tresnak lortzeko zailtasunei emandako erantzun irudimentsuak edo euskal musika “ofizialaren” aurreiritzien mugak gainditu beharra. Ahaztu gabe, hark aipatzen ez dituen arren, emanaldiak egiteko azpiegitura eta leku egokien gabezia gorria, edota, sos apurren bat jasotzeko zailtasunak. Horrek guztiak are handiago bihurtzen du, oraintsu, 50 urte bete dituen “Koska” (IZ 1976) diskoaren itzala. Ohartu horretaz euskal “rock” talderen batek estadio galaktikoren bat betetzen duen hurrengoan. Egon ziur, Koskarik gabe ez zen berdin izango.