Kantuan agurtu dute Sabino Ormazabal
Ustekabean baino kantuz utzi gintuen pasa den astelehenean Sabino Ormazabalek, Euskal Herria maite zuen bakezaleak. Kantuan agurtu zuten atzo arratsaldean Donostian antolatutako ekitaldian lagunek, senideek eta hamaika borroketako kideek. Ormazabalen ibilbide ekologistari keinu eginez Gladys Enean egin zuten agur ekitaldia, hunkituta, baina umore onez.

Kantuan, aldarriak presente eta komunitatean. Horrela agurtu zuten atzo arratsaldean Sabino Ormazabal, Donostiako Gladys Enea parkean. Lagunak, senideak eta hamaika borrokatan kide izandakoak hurbildu ziren parkera, emozioa gorputzean eta kantua ahoan, Ormazabalek eraikitako zubi guztiak zeharkatuz, eta hamaika ahotsez osatutako kantuak abestuz agur esatera.
Eguraldia lagun, seiak jotzerako gainezka zegoen kapera ingurua. Kantuak sumatzen ziren bozgorailuetatik, eta, oholtzan, Ormazabalen argazkia, nuklearren aurkako sinboloa den eguzkia eta loreak. Jende artean oroitzapenak, hunkidura malkoak, irribarreak eta kantu liburuxka.
Iñake Irastorza eta Ramon Agirre aktoreek eman zioten hasiera bihotzez antolatutako omenaldiari: «Amorruz beterik egin nahi dugu oihu utzi diguzun albisteagatik, eta maitasunez lepo kantatu, Sabino aipatu eta kantua etortzen baitzaigu gogora».
HARRAPA GAITZAZU KANTARI
David Fernandezek abesti katalan batekin eman zion hasiera bere hitzartzeari, «gaitzak kantuan uxatzen direlako». Azpimarratu zuen nola Ormazabalek koherentzia muturreraino eraman duen, azken hatsera arte kantatuz. Eta gehitu zuen nola egin zuen bidea, «horma bakoitzean arrakalak bilatuz eta hutsarte bakoitzean bideak irekiz». Donostiarraren ibilbidearen errepaso ederra egin zuen segidan: «Sabinora itzuliko gara, eta ez bakarrik nostalgiagatik, baita beharragatik ere. Desobediente iraunkorra, sakoneko antimilitarista, intsumiso amaigabe eta ekofeminista errotua, bakezale sutsua, ingeniari isila, umila eta adimentsua, pazientzia handikoa. Zubien eta bideen ingeniari isila, gaur egun guk geuk jakin gabe ere zeharkatzen ditugunen egilea. Pertsona nekatua, hainbeste bortxaz nekatua, baina inoiz nekatu ez dena indarkeriak sabotatu, eten eta geratzeaz».
«Harrapa gaitzazu beti, Ormazabal, harrapa gaitzazu beti kantari. Bizitzaren korapiloan eta borrokaren sareetan zuri kantatzen segituko dugu Sabino, beti arte artesano, t´estimo. Kantatzen segituko dugu eta kantatuko diogu haizeari, abestia zara jada, Sabino», esanez amaitu zuen hitzartzea David Fernandezek, zeharo hunkituta.
Azken egunetan Ormazabalen inguruak asko hitz egin dela ohartarazi zuen Mari Luz Estebanek, eta berak beste hiru ezaugarri mahaigaineratu zituen. Batetik, «sentsibilitate feminista handiko kidea» zela; hori, besteak beste, bere ikerketa metodoan edota emakumeen testigantzak jasotzen egindako lanean ikus zitekeela azaldu zuen: «Bazekien emakumeekin lasai asko egoten, eta bazekien gizonen munduetan kritiko izaten». Bigarren ezaugarria «taldeen zaintzaile» izatea zela kontatu zuen, «taldea kontuan hartzea eta jendea taldearen parte sentiaraztea». Eta hirugarrenik, «zuzentasuna», Estebanen ustez geroz eta gehiago galtzen ari den ezaugarri preziatua, «bere zentzu guztietan».
ENTZUTEN JAKITEA
Argituz elkartean lan handia egin zuen Ormazabalek eta bertako kideek ere hitz batzuk egin zituzten ekitaldian. Hurrengo bilera oso gogorra izango dela aitortu zuten, eta bera gogoratzea «memoriaren ariketa espontaneo bat» izango dela azaldu. Jarraian, Ormazabalen «jarrera irmoa entzutea» zela gaineratu zuten, «toki guztietara eramaten zenuen jarrera zen, eta horrek edozeinengana hurbiltzen zintuen, erdi zabalik egoten ziren leihoetara iristeko aukera emanez». Bere senari jarraitzen ziola gogoratu zuten, korapiloetan beti irtenbide berriak bilatuz: «Zubigile zinen ofizioz Sabino, elkartasuna barrutik sortzen zitzaizun, berdin antimilitarismoan, zein mugimendu ekologistan, desobedientzia zibilean zein biktimen aitortzan. Guztietan sentituz eta pentsatuz ekiten zenion lanari, jendea entzunez eta betiere gizatasunez».
Euskal Herria alderik alde zeharkatzen lagun eta senideak izan ditu urteetan alboan Ormazabalek, eta horren testigantza emanez Markel semeak hartu zuen hitza. Itoitzeko kanpaldiak, Bardeako martxak, Urdaibairen aldeko manifestazioak zein Herri Urratseko bidaiak gogoratu zituen, eta, bertako istorioak kontatu ostean, jaso dituen irakaspen ugarietako bat aitortu zuen, bizitzan beti oso presente izan duena: «Egin ezazu, baina egin aurretik ezagutu aurrekoek egin zutena. Aitak egiten irakatsi zidan, kantua, bizia eta mundua. Eta nork bere erara egiteko baita aurretik desegin behar izaten dela ere, betiere errespetuz».
Eduardo Galeanoren metafora baliatuz, aitak eltze berri bat egiten irakatsi diela nabarmendu zuen Markel semeak, baina ez hori bakarrik, egiten dena «ona eta justua» izan dadin, eltze barruan egosi beharreko osagaiak ere utzi dizkiela aipatu zuen: «Enpatia eta errespetua; pertseberantzia, irudimena, umorea eta koherentzia». Irakaspen horiekin kantua, bizitza eta mundua hobeagoa, justuagoa eta askeagoa egiten jarraitzeko konpromisora lotu dira ondorengoak ere.
«Ez da azken kantua, gora bizitza!» bota zuen Markelek jarraian. Eta Gladys Enea kantu baten olatuak hartu zuen, Imanol Larzabalen “Mendian gora haritza” doinuan.

Quien colectivamente canta, la ausencia y el olvido espanta

10.000 diarios pensando lo mismo en María Chivite que en Arnaldo Otegi, en Itziar Ituño que en Unai Simón

Marlaskaren aginduz atxilotu eta Nafarroako Gobernuak torturaren biktima gisa aitortu zuen Iker Aristu zendu da

Aramburu bere burua babesteko hil zuela argudiatu du Le Priol ultrak
