Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Adiorik ez

Adineko zamaketari bat agertzen zaigu bizkarrean daraman zakuaren barruan Jerusalem hiria duela “Jamal al-Mahamel” (Oinazeen gamelua) olio pinturan. Erbestearen zama astuna, palestinarren erresistentzia eta lurrarekiko atxikimendu apurrezina irudikatzen ditu 1973an Sliman Mansourrek margotutako koadroak eta sortu eta berehala ikono bihurtu zen palestinarren artean. Ordutik milaka aldiz inprimatua izan da “Oinazeen gamelua”, palestinarren eskubideak oraindik betetzeko dauden seinale.

Ohikoa da koadroaren kopia bat aurkitzea palestinarren etxeetan, Palestinan bertan zein erbestean, Gamal Abdel Nasser egiptoar presidente maitearen erretratuaren ondoan zintzilik. Bere bizitzan zehar “Oinazeen gamelua” koadroaren hiru bertsio margotu zituen Mansourrek: 1973koa da lehena, 1975ekoa bigarrena eta 2005ekoa hirugarrena. Azken horri zenbait motibo gaineratu zizkion, besteak beste, soka bat eta komunitatearen eskariz eliza bat ere bai. 2021eko Batasun Intifadaren garaian Mansourren koadroaren bertsio digital bat zabaldu zuten gizarte sareen bidez, non adineko zamaketariaren tokian Gazako borrokalari bat agertzen den, eta, zamaketaria, berriz, atseden hartzen dagoen. Irudiak belaunaldi gazteei egiten die aipamen, orain herriaren babesa beren ardura dela adierazi asmoz. Abuztuaren 24an hil zen Mansour, 79 urte zituela.