Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LA SUPERVIVIENTE

Gezurraren anatomia

Tania Headen istorioa du ardatz “La superviviente” dokumentalak. Urte luzez, 2001eko irailaren 11ko atentatuetan New Yorkeko World Trade Centerreko Dorre Bikietatik bizirik atera zirenen ahotsik ezagunenetakoa izan zen. Bere istorioak Dore Bikietatik Bizirik Atera Zirenen Elkarteko presidente izatera ere eraman zuen. Bere biziraupenaren kontakizunak mundu osoko hedabideen arreta bereganatu eta milioika pertsona hunkitu zituen. Baina ondorengo ikerketek agerian utzi zuten atentatuekin lotutako iruzurrik harrigarrienetako baten aurrean geundela.

Dokumentalean zehar, kasu honek Enric Marcorenarekin dituen antzekotasunak aipatzen dira -Bigarren Mundu Gerran nazien Flossenbürg kontzentrazio esparruan izan zela adierazi zuen-. Biek tragedia historiko baten biktima izatearen eta bizirik atera izanaren inguruan eraiki zuten euren identitatea, eta biek lortu zuten gezur pertsonala kontakizun kolektibo baten parte bihurtzea.

Lanaren erabaki narratibo deigarrienetakoa protagonista ez erakustea da. Maillok bere figura berreraikitzea erabaki du, testigantzen eta Taniaren papera interpretatzen duen aktore baten bidez. Horrela, filmak pertsona errealaren eta hark eraikitako pertsonaiaren arteko distantzia azpimarratzen du. Gezurtiaren aurpegia erakutsi beharrean, gezurra bera bihurtzen du protagonista. Hala ere, dokumentalak baditu erabaki zalantzagarriagoak ere. Pasarte batzuetan, Kike Maillo eta Markos Goikolea gidoilaria ageri dira kameraren aurrean, elkarrizketak egiten; beren presentziak ez du ekarpen berezirik egiten.

Memoriaren, identitatearen eta kontakizunek gure errealitatea eraikitzeko duten boterearen inguruko gogoeta egiten du dokumentalak. Horregatik da hain interesgarria Marcoren kasuarekin duen paralelismoa.