Itsasontziek behar berrietara egokituko dituzte teknikak
Arrantzaleekin eta AZTIrekin landu eta gero, Lakuak arrantza dekretu berri bat proposatu du. Oraingo dekretuak 30 urte baino gehiago ditu eta ordutik kostaldeko baxurako flota ia erdira murriztu da. Araudi aldaketak ekarriko duen onura garrantzitsuena da itsasontziek behar berrietara egokituko dituztela beren teknikak.

Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak dekretu-proiektu berria aurkeztu du. Bertan, osotasunean arautzen ditu baimendutako arrantza arte, tresna, baliabide, ekipamendu eta teknikak, baita jarduera gauzatzeko baldintzak eta itsas baliabideak kontserbatzeko, babesteko eta lehengoratzeko neurriak ere. 30 urte baino gehiagoko araudia eguneratu, eta inguraketa arrantzaren erabilera flotaren gaur egungo errealitatera egokitzen du.
Bizkaiko eta Gipuzkoako flotan baxurako 137 itsasontzi daude. 2006tik 93 ontzi galdu dira, %40 inguru. Gainbehera horren aitzinean, sare eta tresna kopurua bikoiztea planteatu du dekretuak, galera orekatzeko. Berritasun nagusia ez da inguraketa arrantza baimentzea, arte txikien modernizazioa baizik. Praktikan, zera ekarriko du: arrantzaleek sare zabalagoak erabiltzeko eta amu gehiago jaurtitzeko aukera izatea, errendimendua eta bideragarritasun ekonomikoa hobetzeko, betiere ingurugiroan izanen duten inpaktua 1990eko hamarkada bukaerako mailan mantenduz.
Higer, San Anton, Matxitxako, Villano eta Punta Cobarón lotzen dituen irudimenezko marratik barrenera dauden uretara mugatzen da dekretua. Izan ere, muga horretatik aitzinera, 12 itsas milara arte, Estatu espainiarrak du uren gaineko eskumena.
Leandro Azkue Lakuako Arrantza sailburuordeak azaldu digunez, arrantzaleen eskaera batetik abiatu zen proiektua duela bi urte inguru. «Lehen itsasontzi batek arrantza tresna bat botatzen baldin bazuen, demagun 1.000 amuz osatzen dena, gaur egun flota erdira jaitsi bada, zergatik ez du botako 2.000 amuko tresna bat? Arrantzaren esfortzua, zientzialariek dioten bezala, berdintsua da», zen planteamendua. «Parte batean, itsasontzi kopuruaren jaitsierari dagokionez, arrazoi zuten, baina egia da nahiz eta itsasontzi gutxiago izan, aurrerapen teknologikoek arraina bilatzea eta harrapatzea errazten dutela».
Sektorearen planteamendua aurrera eramateko, txosten bat eskatu zioten AZTI ikerketa zentroari, orain dela 30 urte, oraingo dekretua egin zenean, zein egoeratan zeuden ikusteko eta arrantzaleen proposamena kontuan hartzekoa zen jakiteko. «Gu prest gaude araudiaren eguneratze honetan ahal ditugun aldaketak egiteko, hori bai, txosten zientifiko baten bermearekin, aldaketa honek ez dezan espezieen egoeran ondorio txarrik eduki».
Dekretu-proiektuaren tramitazio ofiziala hasi dute orain eta alegazioak jaso dituzte. Eman beharreko pausoak eman ondoren, 2027ko urtarrilean edo otsailean argitaratu nahiko lukete buletinean.
INGURAKETA ARRANTZA
Dekretuak dakarren berritasunetako bat inguraketa arrantzarekin lotua dago. Teknika hori arrain banku bat sare batekin inguratzean datza. Arrainak harrapatu ondotik, bildu eta behetik ixten da sarea soka batekin. Bizkaiko eta Gipuzkoako «kostaldeko itsasontzi handienek erabiltzen duten teknika da. 30 metro luzeko itsasontziak dira eta inguraketa sare hori ia 600 metrokoa da. Batez ere berdela, sardina, txitxarroa eta antxoa arrantzatzen dira horrela, espezie pelagikoak, itsasoaren ur azalean ibiltzen direnak», agertu du Azkuek.
Kostaldeko flota txikiak, berriz, denetarik arrantzatzen du: berdela, hegaluzea, barbarina, legatza, lupia...
«Orain dela 30 urte 80-90 itsasontzik erabiltzen zuten inguraketa sarea eta gure ur barneak oso murritzak eta estuak direla kontuan hartuta, 8-10 metroko itsasontzi txikiekin, bi-hiru arrantzale ibiltzen direnekin, talka bat sortzen zen espazioarengatik. Ur eremu estu bat partekatu behar zuten itsasontzi askoren artean. Horregatik, 1994tik indarrean dagoen araudiak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko uretan arte hori erabiltzea debekatzen du, nahiz eta zenbait egoeratan erabiltzeko Lakuako Arrantza Zuzendaritzak aldi baterako baimenak eman ahal izatea aurreikusten duen».
Dekretu berriak planteamendu hori aldatu, eta inguraketa arrantza barne uretan erabil daitezkeen arrantza arteen artean jasotzen du. Hala ere, erabiltzeko muga zehatzak daude -salbuespen batzuekin, adibidez, antxoa edo berdel aunitz sartzea-, eta Arrantza Zuzendaritzaren aldez aurreko baimena beharko da beti. Baimen horiek AZTIk espezieen osasun biologikoari buruz eginen dituen txostenen araberakoak izanen dira. Sareak ezingo du 600 metroko zabalera eta 130 metroko altuera gainditu, eta ezingo da itsasbeheran 35 metro baino sakonago sartu. Fokuak eta argi artifiziala erabiltzea ere debekatuko du araudiak, lehen bezala.
Horregatik, Miren Garmendia Zeberio Opegui Gipuzkoako baxurako kofradien federazioko idazkariak erran digunez, «hedabideek fokua inguraketa arrantza baimentzean jarri badute ere, egoera ez da aldatuko inguraketa arrantza egiten duten itsasontzientzat. Lehen baimen bereziak ematen ziren, eta orain baldintza berezi horietan baimenduko da. Garrantzitsuena da itsasontziek behar berrietara egokituko dituztela beren teknikak», nabarmendu du.
Jakinarazi duenez, kofradia horiek gustura hartu dute lege proposamen berria, aspalditik ari baitira Lakuari eta Madrili araudia gaur egungo beharretara egokitzeko eskatzen, batez ere barne uretan ibiltzen den kostaldeko flotari begira, eta baita kanpoko uretan ere, «errentagarritasuna eta bideragarritasuna hobetzeko». Denbora luzean landu duten gaia izan da eta alegazioen bidez zehaztapen tekniko sakonagoak planteatu dituzte.
ERRELEBOA ERRONKA
Kostaldeko flotan errelebo falta handia dago eta hori aldatzea dute erronka bai kofradiek eta bai Lakuako Gobernuak. «Gazteek urrun ikusten dute arrantza sektorea, ez dute aukera bezala hartzen, eta hori da gure erronka: etorkizuneko sektore bat, eguneratua, garatzea eta gure gazteei ogibide honetan bizi kalitate ona edukitzeko aukera ematea. Horretarako lanean ari gara egunero», erran du Garmendiak. Bide horretan, izapideak, burokrazia eta araudia egokitzea eta eguneratzea ere gako dira.
«Teknologikoki aurrerapen asko egon badira ere, gure tresnak berdintsuak dira. Jasangarritasuna defendatzen dugu, hori da gure etorkizuna. Baina horrek ez du zertan oztopo bat izan erosoago lan egiteko eta bizitzeko. Adibidez, aurretik jakin dezakegu zer eguraldi datorren. Azken teknologiak gure ontzietan txertatuak daude eta beti saiatzen gara modernizazioa bultzatzen. Gure sektorea nolakoa den eta zer aukera dauden erakutsi behar diegu gure gazteei eta azaldu behar diegu interesgarria izan daitekeela bizimodu duin eta egoki bat izateko».
Bizkaiak 130 ontzi zituen 2006an eta 63ra murriztu zen 2025ean. Gipuzkoa, berriz, 100 ontzitik 74ra jaitsi da. Horietako 37 inguraketa arrantzan ibiltzen dira. «Murriztu diren gehienak kostaldeko ontzi txikiak izan dira, arrantzale bat, bi edo hirukoak, ez delako erreleborik edo transmisiorik ematen», azaldu du.
Ildo beretik, Azkue sailburuordeak hala dio: «Teknologia aurreratuko itsasontziak edukitzea ondo dago, baina arrantzaleak behar ditugu horiek itsasoratzeko, baita patroi bat eta mekanikari bat ere. Guk hiru itsas eskola ditugu, Pasaian, Bermeon eta Ondarroan, eta beka berezi batzuk ematen ditugu behin ikasketak bukatzen dituztenean arrantza probatu dezaten eta ez dela hain gogorra ohar daitezen. Ofizio oso gogorra dela esaten da. Lehen hala zen, baina gaur egun aurrerapen teknologikoekin asko erraztu da arrantza lan eta esfortzu aldetik. Egia da badaukala faktore mugatzaile bat: etxetik kanpo egin behar duzu lan, itsas zabalean, eta denek ez dute horretarako balio, zorabiatzen direlako edo beldurrak dituztelako. Hori kontuan hartuta ere, baditu alde onak. Naturarekin lotutako ogibide bat da».
Orain beste pauso bat eman dezaten saiatzen ari dira, behin ofizioa ikasita bapore baten jabe izan daitezen. Horretarako, dirulaguntzak emateko Europak ezartzen dizkien mugak malgutzen saiatzen ari dira bai Lakua eta bai kofradiak. «Europak muga asko jartzen dizkigu itsasontzi berri bat egiteko, baina muga batzuek ez daukate zentzurik. Adibidez, ontzi bat hobetzeak ingurumeneko inpaktua handituko duela ulertzen dute, baina ez da hala. Asmoa segurtasuna eta lan baldintzak hobetzea da», azaldu du Gipuzkoako baxurako kofradien federazioko idazkariak.

10.000 diarios pensando lo mismo en María Chivite que en Arnaldo Otegi, en Itziar Ituño que en Unai Simón

Quien colectivamente canta, la ausencia y el olvido espanta

«Euskal Herria Irabaztera!» irten dira milaka lagun

Los guardias civiles que crucen la pasarela cobrarán más que los forales
