Larraitz UGARTE
Abokatua
GAURKOA

PISAren inguruko kalapitatik haratago

Azken egunotan kalapita handia sortu da Hego Euskal Herriko 15-16 urteko gaztetxoek iaz egindako probetan atera dituzten PISAko emaitza txarren harira. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, hau da, zerbaitek ipurdi bistan uzten gaituen aldiro, presazko adierazpenak, interpretazioak, akusazio gurutzatuak eta batik bat ardurak gainetik kentzeko irakurketa interesatuak ateratzen dira plaza publikora. Horrela izan da oraingoan ere, espero zitekeen bezala.

EAEn, hizkuntza murgiltzea iradoki du azkar, azkarregi, PISAko emaitzen harira Ibone Bengoetxea kontseilariak, «beste faktore batzuen artean»; euskararen arerioek horri helduko diotela ez jakitearen inozentziaz, edo, agian -okerragoa litzatekeena-, oso jakitun. Carlos Gimeno nafar kontseilariak, berriz, beste erkidego autonomoetan baino etorkin gehiago izateari egotzi dio ardura nagusienetako bat, gure gaztetxoen hezkuntza mailan, antza, Ceuta eta Melilla erreferentziatzat dituen horrek.

Batzuek mikrofonoarekin duten gehiegizko konfiantza berrikusi beharko lukete, esaten dutenaren ardura eta erantzukizunaren kontzientzia har dezaten. Ze horrelako balorazio azkarren atzean nire alaba gazteak esan zidanaren zorroztasun zientifiko bera dagoela argi dago. Nire alaba gazteak ikasten diharduen institutu publikoan egin zituen iaz PISAko probak, euskaraz, ikaskide eta lagun autoktono eta etorkinekin batera, guztiek euskaraz, haien ama hizkuntza agian ez baina egunero erabiltzen duten eta lagunartean hitz egiten duten hizkuntza bakarra. Bera da, beraz, puntuazio horien atzean dagoenetako bat, eta honakoa esan zidan oso emaitza txarrak atera zirela aipatu nionean: «ama, normala, iñok ez dau seixo hartzen prueba horreik, zetarako balixo daue ba? Guri ez dosku eragitten, ze gogokin hartu biu ba?». Bada, horixe. Gure gazteen hezkuntza eta hizkuntza kapazitazioen arduradun politikoen eztabaidaren maila ikusita, hori ere izan daiteke faktore bat, ezta?

Ni ez naiz gai hauetan aditua, bistan da. Baina bistan da ere inor ez dela harritu gertatutakoa ikusita, justifikazioak eta arrazoiak hemendik eta handik azkar batean atera dituztenak barne. Garbi dago PISAko neurgailua ez dugula sakralizatu behar. Baina garbi dago ere ez dela gutxietsi behar hainbatetan, gehiegitan, ditugun interes korporatiboak edo politikoak babestearren, errealitatearen negazionistak bilakatzen garela. Egungo gazteekin egoten den edonorentzat, eurekin bi minututik haratagoko elkarrizketak izan dituen ororentzat, begi bistakoa da irakurmenean eta idazketan dagoen maila. Kezkagarria da maila eta helduon elkarrizketetan sarri atera ohi dugu gaia. Adituak ez garenon pertzepzioak izan daitezkeela pentsatu izan dut maiz.

Baina pertzepzioez haratago, datuak ere hor daude. Ez soilik irakurmenean, zientzietan eta matematiketan emaitzen okertzea ere izan omen da, ez maila berean, baina okertze nabarmena azken urteekin konparatuta. Eta atzeraldia oso esanguratsua da azken urte luze hauetako taula konparatiboak aztertuz gero. Eta ez soilik ele bitan ikasten den tokietan. Estatu espainiar osoan dira datuak eskandalagarriak, areago, okertze orokorra izan da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeetan, hau da, “herrialde aurreratuak” deitzen diren horietan. Asiako herrialdeekin konparatuz gero, bai bederen. Horietan teknologia berrien, sare sozialen, adimen artifizialaren eta oro har pantailen erabileraren inguruko mugak askoz zorrotzagoak ei dira eta horrek eragin zuzena omen du irakurketa lantzeko orduan. Deigarria da ere familia ingurunea aintzat hartuta maila ona izatea aurreikus dakiekeen ikasleen emaitza kaskarrak ikustea, bai eta itunpeko sareko ikasleenak ere. Ezinbestean ezin ahaztu aurtengo selektibitate probetan euskarako azterketan emaitza kaskarrak atera ostean, maila baxuaren defentsa numantinoa egin zuten klasista eta espainolista supremazisten erreakzioa.

Emaitzak eta datuak eskuan, hausnarketa sakon bat egiteko momentua iritsi da, hausnarketa pausatua; eta gaiaz dakitenekin, hezkuntza komunitate osoarekin, egin beharko da. Ze PISAko proba gustatu ala ez, diagnosia hori dela inork gutxik jar dezake zalantzan. Kausak multifaktorialak izango dira seguruenez, eta hainbat aukera daude mahai gainean: hezkuntza anbizioa galdu ote den eta, beraz, ikasleekiko exijentzia; etxeetan ez ote den behar bezalako lanik egiten eta gazteei pantailak gehiegi uzten ote zaizkien; hezkuntzaren balioa debaluatuta ote dagoen eta titulazioak soilik inporta zaizkigun; kulturak jendartean duen garrantzia esponentzialki galdu ote den... Errezetak ere bilatu beharko dira: soilik irakurmen ohiturak aldatu behar diren aztertu beharko da, curriculumean aldaketa esanguratsuak egin behar diren, neurgailu propioak sortu behar diren ebaluazio jarraituekin, EBAU eta antzeko proben beharrezkotasuna ere zalantzan jarri beharko da, baita sare publikoaren eta itunpekoaren exijentzia mailen parekidetasuna ere. Murgiltze eredu benetako baten beharra, ordutegiak, eskola egutegiak, irakasleen kapazitazioa ere landu beharko dira... Auskalo zer, baina edozer autokonplazentzia eta tranpak izan ezik. Hezkuntzak azken urteotan eztabaida politikoan protagonismo handia hartu izan du, eta, adibidez, onartezina da, lau urte igaro ostean, EAEn 2022an arlo honetan lortu zen akordioaren inplementazio eza. 2022an jada ezarri ziren alarmen aurrean ostrukarena egin eta azken lau urteotan aurrerapausorik ez emateak Eusko Jaurlaritzaren kudeatzeko gaitasun falta nabarmen utzi du. Ezer ez egitea, emaitza eskandalagarriak izatea eta gaia serio hartu beharrean mikrofonoetan adierazpen arduragabeak egitea ez da aukera bat. Ez behintzat herri hau beste parametro batzuetan jartzeko anbizioa dugunontzat, gure etorkizuneko belaunaldiak lanpostu onak lortzeko ez ezik, pertsona jantziak, kritikoak eta baliodunak izateko ere hezi nahi ditugunontzat.