Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Sentimenduez

Betirako gogoratuko dut belauneko lotailuak hautsi nituenean sentitu nuen mina. Baita amonarekin lehen aldiz euskaraz hitz egin nuenean sentitutako harrotasuna ere, edo iloba jaio zenean bizi izan nuen poza. Une haiek nireak izan arren, sentimendu horiek guztiok bizi izan ditugu. Halaber, imajinatzen dut mina edo poza sentimendu komunak zirela duela 20, 200 edo 2.000 urte. Edo ez.

Rob Boddice historialariak emozioak ikertu ditu, eta historian zehar emozioak sentitzeko modua. Genero, jatorri edo klase sozialaren arabera zirrara desberdinak hautematen diren bezala, Boddicek dio sentimendu bat ez dela berdin sentitzen Antzinaroan, XV. mendean edo gaur egun. «Esperientzia-erlatibitatea» izendatu du: sentimenduak ez dira zehazten; sortzen dira. «Jakina da haurren heriotza tasa oso handia zela garai batean, eta familia batek seme-alaben erdiak gal zitzakeela. Ezin da espero kideek dolua berdin bizi izana». Gure garaiak asko esaten badu gure sentimenduez, historiak ere laguntzen digu iragana ulertzen eta interpretatzen. Bada: nola izan dezakegu iraganeko sarraski eta genozidioen begirada hain kritikoa eta orain gertatzen ari direnei buruz hain pasibo izan? Zer esanen dute gutaz etorkizuneko belaunaldiek? Uste dut esan dezaketen okerrena dela sentiberatasun gabeak ginela.