Orain bai, Gatiburen atea itxi daiteke
Gatibu musika taldeari buruzko dokumentala, «Agur esan barik», aurkeztu zuten atzo Principe zinema aretoan, hamaika une ahaztezin jasotzen dituena. Jabi Elortegi zuzendariak hala adierazi zuen alfonbra gorrian: «Urduritasuna? Dagoeneko ez, eman behar genuena eman dugu. Orain jendeak disfrutatu dezala. Gu pozik gaude gure lanarekin».

Histrionikoa bukaerara arte, Alex Sardui Gatiburen abeslaria “Agur esan barik” dokumentalaren emanaldiaren aurreko alfonbra gorriko paseoan azkena izan zen aretora sartzen, pelikularen lantaldearen atzetik, alegia. Muxuak argazkilariei, maitasun keinuak jendeari: teloia betirako jaitsiko da, baina orain publikoak bere erantzuna eman beharko dio Jabi Elortegiren azken lanari.
«Urduritasuna? Dagoeneko ez, eman behar genuena eman dugu. Orain jendeak disfrutatu dezala. Gu pozik gaude gure lanarekin», esan zigun Bermeoko zuzendariak.
Principe zinema aretoak jo eta su zebiltzan programazioa betetzen, aurkezpenak oso azkar zihoazen atzoko egun eguzkitsu eta epelean (Gatiburen “Urepel”-i omenaldia eginez?). Terrazak beteta zeuden arratsaldean, gainontzeko jendea Gatiburen zain, nahiz eta, adibidez, Haimar Arejita gitarra jotzailea falta zen. Aldiz, Gaizka Salazar bertan zen.
«LAN FINA»
Gazte gutxi zeuden, une horretan, itxuraz, helduak erakarri zituen dokumentalak, baina gero agian alda zitekeen panorama. Edo, agian, jende gehiena hondartzan geratu zen, tenperatura horrekin normala den bezala.
«Lan fina egin du Jabik, benetan. Inork baino hobeto, eta egia da, guk ezin izan dugu ezer egin. Zuzendariak proiektua moldatu du», berretsi zigun Alex Sarduik. Abeslariak oso bizar luzea zeukan, ia solemnea. Elkarrizketatzeko beti prest dago, nola ez, eta orain bere bizitza askoz lasaiagoa dela kontatu zuen abeslariak. Beste proiektu «sekretu» batean sartu den arren.
BIDAIA LUZE BAT
Oro har, pelikulako taldeak “bakea” transmititzen zuen, aurpegietan batez ere; eta poza ere bai, nola ez. Gatiburen ibilbidea bukatu da eta hemendik aurrera geratuko dena dokumental hori izango da, bere 84 minutuko iraupenarekin, egia esan, oso erraz pasatzen direnak, labur, alegia.
«Pelikula hori, berriz, oso bidaia luzea izan da -azaldu zuen Jabi Elortegik-. Bidaia luzea, baina emaitza uste dut oso ona atera zaigula. Beste aldetik, Gatiburen abestiak geratzen dira. Lehen diskotik aurrera hainbat arrakasta izan dituzte eta, behin eta berriro azpimarratzekoa da nola zabaldu duten euskara, bizkaiera. Nola bultzatu duten gure hizkuntza! Alexek eta beste lagunek zenbait belaunaldi dantzarazi dituzte».
Elortegi bermeotarra Zinemaldira itzuli da, “El Vasco” fikziozko pelikula aurkeztu baitzuen 2022. urtean, Zinemira sailean. «Erronka polita izan da, bai. Ni beste mundu baterik nator, baina ‘Agur esan barik’ honek hamaika momentu ahaztezin utzi dizkigu, onak eta txarrak, BECen taldeak egin zituen hiru kontzertuekin bukatzeko. Hala ere, Barakaldoko kontzertuak ikusi nahi badituzue, berreskuratu beste nonbait, zeren hemen horien prestakuntza agertzen da, batez ere», argitu zuen.
Lagunak eta zaleak elkartu ziren Donostian, momentu oso garrantzitsu honetan, familia batean bezala, eta hainbat belaunaldi nahastuta, hori argi dago. Ordu eta erdi baino gutxiagoko laburpenak ezin du dena jaso, baina aldi berean asko emango du ziur aski. “Zoramen” bat zen hasieran, baina dastagarria ere bai.

«La muerte de Zabala fue definitivo, no estábamos para bromas»

Adimen artifizialeko agente baten erasoa jakinarazi dute

Otegi: ¿Por qué colaboramos en Iruñea y Baiona y no en Gasteiz?

EH Bildu pide a la alcaldesa una investigación y que se retracte
