Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Frankizien eztanda

Urteak daramatza zinemaren industriak frankiziak berpizten edo berriak etengabe sortzen, baina badirudi joera hori pantaila txikira ere iritsi dela. Azkenengo urteotan, gero eta ohikoagoa bihurtu da zinema aretoetan jaiotako unibertsoak telebistako pantailetan haztea: “Star Wars” eta Marvelen unibertsoetatik hasi, eta “The Last of Us” edo “Fallout” bezalako bideojokoen moldaketetaraino.

Baina datorren udazkeneko estreinaldiei erreparatuz gero, joera hori are nabarmenagoa da. “VisionQuest”, “Neagley”, “Stranger Things: Tales from '85”, “Carrie”, “Crystal Lake”, “Blade Runner 2099” eta, azkenik, “Harry Potter” bezalako ekoizpenekin, pantaila txikiak Hollywoodek zineman urteetan egin duen bide berari jarraitzeko asmoa duela dirudi.

Telesailen eredua gero eta gehiago hurbiltzen ari da zinemako ekoizpen handien logikara: istorio berriak albo batera utzi eta ezagunak diren pertsonaiak, unibertsoak eta markak etengabe berreskuratzea. Estrategia hori, pixkanaka, industriaren apustu nagusietako bat bihurtzen ari da. Enpresaren ikuspegitik ulergarria da, baina, ikuslearen ikuspegitik, nekagarria.

Plataformek gero eta interes gutxiago dute istorio ezezagunen aldeko apustua egiteko eta arrisku handiagoa dakarten proiektuak babesteko. Ezagunaren alde egitea seguruagoa izan daiteke, baina telebistaren sormena itotzeko arriskua ere badu.