Marijo MURILLO ARIZMENDI
KOLABORAZIOA

Renfe eta Lottu

Hilaren 22an autorik gabeko eguna omen zen, eta, horrekin batera, hedabideetan irakurri eta entzun ahal izan genuen Bizkaian Lottu izenpeko lehenengo trena martxan jarriko zela, probetan bazen ere. Eta berri horrek sortutako amorruari eutsi ezin izateak bultzatu nau idatzi hau egin eta bidaltzera. C1 aldirietako linearen erabiltzaileok pairatzen dugun egoeratik dator amorru hori, hain zuzen. Eta egoera hori hasi zen abiadura handiko trenaren lanei ekitearekin batera.

Labur adierazten saiatuko naiz. Egunero arazoak izaten dira trenetan, tren guztietan; tren gutxiago dago. Bidaiak askoz luzeagoak dira (lehen 35 minutuan egiten zen bidaia, orain 50 minutuan egiten da Alegia eta Donostiaren arteko zatia, zehazki). Eta hori, noski, trena baldin badator, askotan bertan behera gelditzen direlako arazo teknikoengatik edota ordena publikoko arazoengatik. Hori dela eta, aurreko trena hartzera behartuta egoten gara lanera edo ikastera garaiz iritsiko bagara. Baina horrek ez du ezer bermatzen: egun horretan, beharbada, arazoak aurreko trenak izango baititu. Horrela, egunero.

Horretaz gain, trenak motzak dira, bandalizatuak daude, arrastaka iristen dira, jendeak erre egiten du (bai, erre egiten du), zinpekoek beldurra ematen dute. Euskararen ezagutza ez aipatzeagatik, noski. Bueno, eta obrak direla-eta trenetik autobusera aldatu beharra zenbait lekutan…

Horren guztiaren ondorioz, C1 lineak, “Noticias de Gipuzkoa” egunkarian azaldu zenaren arabera, 800.000 bidaiari galdu ditu. Baina, zoritxarrez, batzuok garraio publikoa (Renfe edo Lottu) erabili behar eta nahi dugunez, egoera hori salatu nahi dugu. Gipuzkoan Euskotren oso ondo ibiltzen omen da: maiztasuna, seriotasuna, geltoki berriak eta egokituak… Alegiak ez dauka lurrazpiko pasabiderik; egunero bizitza arriskuan jartzen dugu trena hartu eta mugitu ahal izateko, eta, bestalde, Alegiatik Tolosara joateko dauzkagun autobusen ordutegia trenaren ordutegiarekin bat datorrenez, aukeratu behar izaten dugu, eta horrek murriztu egiten du bata edo bestea erabiltzeko aukera.

Renfek jakin, badaki, eta, bost axola zaionez, Diputazioari edo Jaurlaritzari (zorioneko Lottu horren arduradunei) eskatu nahi diet egoerari konponbidea lehenbailehen eman diezaiotela, egoera horrek sekulako estresa eta antsietatea sortzen duelako gugan. Autobusak behar ditugu Tolosara joan eta bertan Donostiarako lineak baliatu ahal izateko; edo, bestela, hain beharrezkoa den G007 autobusen zerbitzua zabaltzea, herri txikietakook gure zereginetara garaiz iritsi ahal izateko.

Aipatutakoak argi uzten du hirugarren mailako herritarrak garela eta askoz garrantzi handiagoa ematen zaiola turismoari, bertakoen bizi kalitatea bermatzeari baino. Konponbidea zuen esku dago.