GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
DIGGER

Tom Cruise, inoiz ikusi ez bezala

Orain dela hilabete batzuk hasi zen “Digger” filmaren marketin kanpaina eta zabaldu zuten lehen bideoa nahiko deigarria zen. Trailerrak Tom Cruiseren ibilbideko une gogoangarrienetako batzuk kateatzen ditu, atzera begirako bidaia zinematografiko baten moduan. “Top Gun”, “Rain Man”, “Jerry Maguire”, “Eyes Wide Shut”, “Magnolia”, “The Last Samurai”...

Ez da Tom Cruiseri egindako omenaldi nostalgiko bat, baizik eta Alejandro Gonzalez Iñarrituren film berria aurkezteko marketin jokaldi ustekabekoa. Gerora, trailer arruntagoak ere zabaldu dituzte, baina lehen bideo hark berehala bereganatu zuen publikoaren arreta.

“Digger” da proiektuaren izena. Trailerreko une batean, Cruise ezezagun bat ere ageri da: ilea urdinduta, hainbat kilo gehiagorekin eta AEBko hegoaldeko azentu markatuarekin. Eraldaketa horrek iradokitzen du bere ibilbideko apusturik ausartenetako baten aurrean gaudela. Ez litzateke harritzekoa izango interpretazio honek sari denboraldiko izen nagusien artean kokatuko balu.

Warner Brosek «tamaina katastrofikoko komedia» gisa aurkeztu du filma. Bertan, Tom Cruisek Digger Rockwell gorpuzten du, munduko gizonik boteretsuena, petrolio handiki bat eta ingurumen hondamendi ikaragarri baten erantzulea. Hondamendia eragin ondoren, ordea, lasterketa zoro bati ekingo dio gizateria konbentzitzeko bera dela hondamenditik mundua salba dezakeen bakarra. Satira politikoa eta umore beltza nahasten dituen premisa horrek argi uzten du Iñarrituk ez duela ikuslea eremu erosoan utzi nahi.

Cruiserekin batera, Sandra Hüller, Riz Ahmed, Jesse Plemons, John Goodman, Michael Stuhlbarg, Emma D'Arcy eta Sophie Wilde ariko dira; dudarik gabe, azken urteotako aktore zerrendarik sendoenetako bat osatzen dute. Lantalde teknikoan, Iñarrituren ohiko kolaboratzaileetako bat aurkituko dugu: Emmanuel Lubezki argazki zuzendaria.