GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOXEAN AGIRRE
Idazlea

«Ia maitasun istorio guztiak dira erdi zapuztuak»

Zahartzaroa, maskulinitatea, maitasuna, harremanak... Gai zaharrak eta berriak, baina «potoloak», dakartza Joxean Agirrek bere azken eleberrian: “Mio marito deitzen zion” (Elkar, 2026). Agirrezabal idazle erretiratua eta haren biografia idatziko duen kazetari bekaduna dira oraingoan bere «gizajoak». Emakumeen bidez izango du irakurleak haien berri.

(Jon URBE | FOKU)
«Gizon barregarriak» eleberria 2024koa da. Zahartzaroa eta maskulinitatea jorratu zenituen. Oraingoan, ere bai. Bilatu al duzu beste biderik?

Lauzpabost ahots nagusiak emakumeenak dira, eta lekuko moduan hitz egiten dute. Narratzaile gaztea kenduta, “Berria”-ko bekaduna, beste guztiak emakumezkoak dira. Alde horretatik, leku gutxiago zegoen gizonkerietarako. Hala ere, narratzailea nahiz eta 20 urtekoa izan, beti dago gizon baten ikuspegia, ikuspegi maskulinoa. Hasi eta buka agertzen da, baina nagusi emakumeena da. Kontua da ez dutela beren buruaz hitz egiten, baizik eta gizon bati buruz: protagonista adineko idazle bat da, burua galtzen du. Bidean utzi dituen, nola esan, zapuztutako maitasunek lilura edo erakarpena sortzen diote. Nonbait, maitasun horiek dira barruan gehien gelditzen zaizkigunak.

Aurkezpenean aipatu zenuen lantzen duzun gaia berria dela zuretzat zentzu batzuetan. Zein zentzutan?

Nobela bat amaitzen duzunean beste batekin hasi nahi duzu eta zerbait berria egin. Eta ez duzu lortzen. Zure ahotsa antzekoa da, ikuspegia ere bai, gauzak errepikatzen dira... Kasu honetan, “Homo Irrealis” Andre Acimanen liburua irakurtzen ari nintzela, kapitulu bat topatu nuen gai horrekin. Atarikoan sartu dudan esaldiak hala dio: «Gertatu ez diren, gertatu zitezkeen eta gertatu ez ziren gauzak gogoratzen ditugu ondoen». Bueltak ematen hasi nintzen eta pentsatu nuen adinarekin niri ere hori gertatzen zaidala. Eleberri labur baterako gaia egon zitekeela pentsatu nuen.

Konplikatua da. Bakoitzak gure eleberriari buruzko ikuspegi bat dugu. Ni kazetaritzan eta nobelan hasi nintzen eta biak oso bereizita ikusten nituen. [Milan] Kunderaren liburu bat irakurtzen ari nintzela esaldi bat irakurri nion zioena nobelaren egitekoa dela existentzia aztertzea, eta, kazetariarena, errealitatea. Badakit hori oso sinplea dela eta existentzia ere hitz potoloa dela. Berak azaltzen duen moduan, bizitzaren inguruko auziak, misterioak, finean, maitasuna, heriotza, beldurrak... dira. Hori da literaturaren terreno naturala.

Nik badakit nobela errealistan edo politikoan sekulako eleberriak daudela. Xabier Mendigurenek “Morlans” aurkeztu zuen, esaterako. Badakit errealitateak ematen duela nobelak idazteko gaia. Baina neuri iruditzen zait nagusiki literaturaren terrenoa bestea dela. Eta maitasun zapuztuek duten erakarpenari, sortzen duen lilurari buruz inork pentsa dezake gai chorra dela, huskeria. Baina, joño, nik nobela ulertzen dudan ikuspegi horretan gai hori bete-betean zetorrela ikusten nuen. Gero beti gertatzen da gauza bera hasierako entusiasmo horrekin. Uste nuen nobela bakarra izango zela munduan gai honen inguruan eta gero konturatu nintzen ez dela hainbesterako. Ia maitasun istorio gehienak dira erdi zapuztuak.

Erregresioak ditu idazleak eta iraganeko maitasun istorioetara itzultzen da. Ezagun zenituen ala dokumentazio lanetan topatu duzu?

Horren inguruan oso dokumentazio gutxi dago. Liburuan, bekadunaren pisukideak, psikologia ikasten ari denak, esaldi oso polit bat dio: «Erregresioak dituzten guztiak haurtzarora joaten dira eta behatza txupatzen amaitzen dute. Eta honek berriz cassoulet-a jaten bukatu du». Ziur aski, aditu batekin hitz eginez gero, esango du halako erregresiorik ez dagoela.

Baina niri ongi zetorkidan joko hori egiteko. Edo agian egongo dira. Uste dut modu batean edo bestean denok ditugula atzera buelta horiek eta gertatu ez ziren gauza horiek irudikatzeko joera. Are gehiago, literaturaren funtsik handienetakoa gure desioen araberako errealitateak eraikitzea da.

Oroimena tranpatia izan daitekeela, alegia?

Bai. Nobela honetan ikusten da erabat tranpatia dela, kapritxosoa. Memoria txarrekoak garenontzat, gainera, erabat da horrelakoa.

Kazetari gazteari erretiratutako idazlearen biografia idazteko aukera suertatzen zaio. Eta bide horretan halako ispilu ariketa bat sortzen da. Zer bilatzen zenuen horrekin?

Baten batek galdetu dit ia idazle hori nire trasuntoa den. Ez da. Ni idazle zahar hori baino askoz ere normalagoa naiz, ez naiz hain neurotikoa, ez naiz hain arraroa. Beti pentsatu izan dut hori bezain transuntoa dela pertsonaia gaztea. Pixka bat koldarra dena bere bizitzan, baina gero ordenagailu aurrean jartzen denean izugarrizko ausardiak hartzen dituenak. Biek dute niretik asko. Hasieran ez nuen planteatu bien arteko ispilu ariketarik, baina segituan konturatu nintzen gazteak dituen arazo batzuk antzekoak direla. Neska batekin bizitzen jartzen da, baina maitasun zapuztu baten zama edo itzala gelditzen zaio. Eta berak ere pentsatzen du ia ez ote den hasiko egunen batean ondoan duenarekin bizitako maitasun historia baztertu eta bizi ez duen hori gogoratzen. Diskurtso hori ere badauka. Hori da paralelismo bakarra.

Kontakizunak baditu parodia ukituak. Norbere buruaz barre egitea sanoa da, ezta?

Idazten dudanean eta nire protagonistak edo nire antzekoak agertzen direnean joera izugarria daukat barre egiteko edo parodia erabiltzeko. Estilo kontua da. Zarautzen Literaturian Felix Ibargoitik esan zuen esajerazioaren artea egiten nuela. Thomas Bernhardek ere egiten zuen, batez ere bere haurtzaro haurtzaroari buruz hitz egitean. [Xabier] Amurizak berak ere egiten du oso ondo. Baita Bohumil Hrabalek ere. Jende pilo batek. Liburu honetan zati batzuetan oso ebidentea da. Parodia, umorea, esajerazioaren artea... estiloa definitzen duten elementuak dira.

Euskal idazle gizonezkoaren mito edo figurarik existitzen al da?
Ez dut uste liburu hau idazterakoan euskal literaturako idazlerik izan dudanik buruan. Hain-hain-hain aldrebesik ez dut uste egon denik [barreak]. Neurotiko xamarrak beti. Nik uste idazle asko garela pixka bat neurotikoak, baina hain muturrera eramanda ez.
Neurotikoak, zein zentzutan?

Obsesiboak, gauzei segi bueltak ematen... Une batean psikologia ikasten ari den pisukideak esaten dio bekadun gazteari ziur aski idazleak neurosi latente bat izango duela eta orain azaleratuko zitzaiola, idazten den bitartean neura guztiak bideratu egiten direlako norbere obraren bitartez. Ez dakit horrelako zerbait gerta dakigukeen. Ez dakit idazteari utzi eta burua galduko dugun. Ez dut uste, disimulatzen asmatuko dugula uste dut.

Liburuan euskal literatur sistemaren inguruko halako hausnarketa bat ageri da. Zirikatu egin nahi zenuen? Nabaritu duzu garapen bat alor horretan?

Buelta dezente eman dizkiodan gaia da. Oso kezkatua nago sorkuntzarekin. Kultura txikia gara, zapaldua, eta kultura horren barruan literatura bazterreko jarduera bat da. Inongo garrantzirik ez duena eta gizartean ez duena eraginik. Baina hori onartuta ere, badirudi gauzak ez ditugula oso txukun egiten. Urtero dozena bat nobela txukun ateratzen dira, horien artean, bi edo hiru oso onak. Eta gero, ez dugu lortzen jendearengana irits daitezen. Badakit orain rolloa sartuko dizudala eta ez duela beste munduko interesik, baina zerbait jarraitzen dut Frantziako sistema. Frantsesak orain hasten dira la rentrée famatuarekin eta hasten dira txapelketak egiten: Goncurra, Renado, Femina... Epaimahai bakoitzak hamabost liburu aukeratzen ditu. Hemen antzeko zerbait genuen, 111 Akademia. Eta ez dut ulertzen zergatik bertan behera gelditu den eta nola gobernuen aldetik ez duten diruz lagundu. Kontua da txapelketa horien bitartez izenburu horiek prentsan agertzen direla. Oso kontu polita egiten dute Goncourt des Lycéens sarian. Institutuetan erabili daitekeen urteko libururik onena izendatzen dute. Liburu hori barra-barra saltzen da gero.

Guk ez dugu horrelakorik. Norbaitek esango du txapelketak txarrak direla. Artea ezin dela klasifikatu, ez dakit zer... Esan nahi duzuna, baina modu bat da, beste hobe bat balego hobe, jendeak liburuak ezagutzeko. Inkesta bat egingo bagenu kalean urteko euskal libururik onenei buruz galdezka, inork ez luke jakingo bat edo bi esaten. Bertsolaritzak lortzen du hori, jendeak badaki zeintzuk diren finalistak. Badakit bertsolaritzak ez duela zerikusirik gurearekin. Baina problematika hori agertzen da liburuan emakumeetako baten bitartez. Berak dioenean bere fundazioko enpresarientzat promozioa garrantzitsuagoa dela sorkuntza baino, ba sorkuntza bezain inportantea da promozioa eta marketina. Esaten denean irakurleen salmentak estankatuta daudela, esan nahi du goitik behera doazela. Poliki-poliki, baina galtzen ari dela. Eta lehen bazterreko sektorea eta eskasa bazen, inori interesatzen ez zitzaiona, orain goazen bidetik... Ez dakit nik. Eta sortu egiten da. Sormena badago. Ez dakit zenbat lekutan errepikatu dudan hau baina inork ez dit kontra egiten. Pentsatzen dut inori ez zaiola inportako.