P.LEKUONA - H.BELATEGI
Elkarrizketa
GARBIÑE ARANBURU
LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia

«Euskal Herritik Euskal Herrirako greba izango da»

CCOO eta UGT sindikatuek maizterren sindikatuaren eskaria bere egin, eta greba orokorrera deitu dute azaroaren 11rako. Halako greba deialdi bat egiteko arrazoiak ez dira berriak LAB sindikatuko Garbiñe Aranburuk NAIZ Irratian azaldu duenez. Edozein kasutan, sindikatu abertzaleak ere greba egingo du, argi utzita euren esparrua Euskal Herria dela.

(Jon URBE | FOKU)

ETXEBIZITZA LARRIALDIAREN AURREAN GREBA OROKORRA TRESNATZAT JO DUZUE; SINDIKALISMOAK ZEIN ROL JOKATZEN DU AUZI HONETAN?

Guk garbi daukaguna da greba egun berean egin arren, Euskal Herritik Euskal Herrirako greba bat izango dela. Gogora ekarri nahi dudana da Euskal Herrian, kalean eta lantokietan, borroka sindikal eta sozial ugari egin direla azkeneko urteetan. Etxebizitza langileen pobretzearen arrazoi nagusietako bat da, kapitala eta bizitzaren artean daukagun talka horren adibide nagusietako bat. Hemen badago sakoneko talka bat, langileen aldeko politiken, politika birbanatzaileen edo kapitalaren agenda erreakzionarioaren artekoa; eta, ildo horretan, Euskal Herria martxan dago. 2023an zaintza sistema publiko baten aldeko greba orokor batetik gatoz. Gero, Palestinaren aldeko lanuzte bat egin zen, udaberrian lanbide arteko gutxieneko soldataren aldeko greba orokor arrakastatsu bat; eta, esan bezala, hainbat borroka sindikal piztuta daude. Orain etxebizitzaren gaiarekin gauzak azkartu dira larrialdi egoera batean bizi garelako. LABek etxebizitzaren eremuan ere sindikalismoa egiteko erabakia hartua dauka eta horregatik guztiagatik uste dugu azaroaren 11n grebara jotzeko arrazoiak eta aukerak eraikiak daudela.

CCOOk eta UGTk deitu dute greba orokor honetara. Zer izango da, greba bateratua edo paraleloa?

Greba egunean egingo dugu bat, baina guk garbi daukagu: Euskal Herritik Euskal Herrirako greba esaten dugu, etxebizitza eskubidearen aldeko greba batez gain, soldata duinen aldeko greba bat ere izan behar duelako. Hor interpelazio bikoitza egingo diegu bertako patronalei eta bertako instituzioei, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei. Soldaten eremuan eta bereziki etxebizitzaren gaiarekin, larrialdi egoera iraultzeko behar diren neurri estrukturalak hartzeko eskumen zabalak dituzte Gasteiz eta Iruñeko gobernuek.

Guk autogobernua ere langileen mesedetan erabiltzeko eskatu dugu eta bestelako politika batzuk egin daitezela. Interpelazio horietan Euskal Herrian ere tokia izango du greba honek, bertako agenteei ere dei egingo diegulako eta neurri zehatzak eskatuko dizkiegulako.

Bestetik, guretzat soldatak eta etxebizitza lotzea ezinbestekoa da eta lanbide arteko gutxieneko soldataren euskal esparruaren aldeko aldarrikapen hori bertan presente egongo da. Gogora ekarri nahi dut udaberriko greba horretan gutxieneko soldata hemen erabaki ahal izatea izan zela aldarrikapen zentraletako bat. Greba egunean badago konfluentzia, baina grebaren izaeran eta aldarrikapenetan badira desberdintasunak.

Estatu espainoleko sindikatuek gutxieneko soldatarekin ere lotu dute greba deialdia. Baina horiek beraiek ez zuten babestu iazko Hego Euskal Herriko greba.

Soldaten aferaz bai hitz egiten dute, baina guretzat euskal esparruaren errespetua oinarrizko printzipio bat da. Gogoratu behar duguna da CCOOk eta UGTk zer jarrera izan zuten. Ez zuten babestu lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat izateko eskumenaren alde egin genuen herri ekimen legegilea. Eta ez hori bakarrik, euskal esparruaren kontrako adierazpenak egin zituzten bere garaian. Kasu horretan, espainiar identitate zentralista bat nagusitu zen bi sindikatu horietan, ulergaitza dena langileen ikuspegitik, azken batean posizio hori mantentzeak patronala besterik ez duelako laguntzen. Datuek oso garbi uzten dutena da espainiar Estatuko gutxieneko soldata hori ez dela nahikoa Euskal Herrirako, eta bi sindikatu horiek hartu zuten jarrerak ekartzen duena da Estatuko gutxieneko soldata eta bertako gutxieneko soldataren arteko diferentzia hori patronalaren poltsikoetan gelditzea.

Badira hilabete batzuk LAB etxebizitzaren auziari ere erantzuten ari zaiola.

Erabaki hori hartua daukagu, etxebizitza momentu honetan langileen pobretzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu delako. Eta etxebizitza eskubidearen alde, errentismoaren eta espekulazioaren kontra, maizterrekin batera antolatu eta lan lerro sindikal bat martxan jartzeko erabakia hartuta daukagu, eta erantzuna positiboa da. Erandion maizterrarekin antolatu gara, Gasteizen, Iruñean... baditugu hainbat eta hainbat adibide eta maizterrekin batera egiten ari garen lan horren emaitza izan dira, besteak beste, joan den asteburuan lau hiriburuetan egindako mobilizazioak. Garbi ikusten duguna da sindikatu batek, langile guztien eskubideak defendatzeaz gain, langileen bizi baldintzen alde borrokan jardun badu, ezinbestean etxebizitzaren eremuan ere antolatu behar duela eta ekintza sindikala egin behar duela.

Bihar indarrean sartuko den etxegabetzeen aurkako dekretuak, aurreikusten du bi urtez, gutxienez, etxegabetzeak egiteko aukera baztertzea. Nola ikusten dituzue dekretu horiek?

Dekretu horiek kaleko presioari esker iritsi direla pentsatzen dugu. Etxebizitzaren arazo estrukturalari bere osotasunean irtenbiderik emango ez dioten dekretuak dira, baina neurri handi batean presio horretatik eratorriak dira, eta, egia esan, eskubide batzuetan aurrera egitea eragingo lukete. Guk ikusten dugu eskuina eta eskuin muturra nola lerrokatu diren higiezinen patronalaren eta funts putreen interesen mesedetan, eta nola Junts, UPN, baina baita EAJ ere -nahiz eta bi dekretuetan ez duen jarrera berdina erakutsi- posizio horietan lerrokatu diren. Guretzat hori erabat salagarria da. Bi dekretuek atera beharko lukete aurrera, eta horiek baino neurri sakonagoak har daitezen lanean jarraitu beharko litzateke.

Etxebizitzaren arazoa iraultzen hasteko ezinbestekoa da etxebizitzak negozio izateari uztea, etxebizitzarekin ezin da espekulatu eta prezioetan esku hartu behar da: merkatuaren prezioetan esku hartu eta mugatu egin behar dira prezio horiek. Maizterrak babesteko neurri sakonagoak behar dira eta etxebizitza publikoko parkea handitu egin behar da.

Horiek dira sakoneko neurri nagusiak eta horietako batzuk Madrilgo Gobernuaren eskumenak dira, baina beste batzuk EAE eta Nafarroako gobernuenak. Horregatik, guretzat ere greba honetan garrantzitsua da bertako gobernuei ere interpelazio hori egitea.

Eta bertako instituzioak nola ikusten dituzue afera honetan?

Bertako instituzioen aldetik ikusten ari garena da hartzen ari diren neurriek ez diotela egiturazko egoera horri erantzuten, egoerari erantzuteak higiezinen patronalarekin eta funts putreen interesekin talka egitea dakarrelako. Hori da muinean dagoena, kapitalarekin beste eremu batzuetan gertatzen den bezalaxe. Argi daukaguna da eskuin muturraren gorakadari aurre egingo bazaio, ezinbestean bestelako politika batzuk egiten direlako izango dela, politika birbanatzaileak erdigunean jartzen direlako, zerbitzu publiko sendoak ziurtatzen direlako, baina baita etxebizitzarako sarbidea modu unibertsalean herritar guztiei ziurtatzen zaielako ere. Hori egin ezean, agenda erreakzionarioa nagusitzen da. Eta horregatik guretzat garrantzitsua da, sindikalismoa egiten dugunean, langile guztien errealitateari begiratzeko ikuspegi hori izateaz gain, sindikalismoa ikuspegi antirrazista eta feminista batetik ere garatzea.

Funts putreek zer-nolako eragina daukaten ikusita, zergatik ez zaie mugarik jartzen LABen ustez?

Orain sortu den larrialdi egoera hau ez da egun batetik bestera sortu. Eta larrialdi egoera honetara iritsi baldin bagara izan da ez zaielako inolako mugarik jarri beraien zabalpenerako. Badakigu horien interes bakarra etekin ekonomiko azkarra lortzea dela eta ez dutela inolako moralitaterik, ez dutela inolako herri ikuspegirik, ez dutela inolako eskrupulurik. Etxebizitzaren merkatuan arazo nagusia ez da etxebizitza faltarena. Arazo nagusia da nola dagoen antolatuta etxebizitza merkatua; arazo nagusia da errentistek nola estali duten etxebizitzaren merkatua eta horrek gero zer-nolako ondorioak dituen. Hori gertatu da ez delako egon hori eragozteko erabaki politikorik. Horregatik, behin puntu honetara iritsita, gure ustez erabaki politiko ausartak hartzeko momentua da eta sakoneko arazoari heltzeko momentua, baina horrek errentisten eta espekulatzaileen interesekin talka egitea eskatzen du.