G.I.
HERNANI
NAZA

Gazako genozidioaren atzeko mekanismoa

NAZA” izenburua Israelgo inteligentzia-zerbitzuek erabilitako akronimo militar bat da, Gazako bonbardaketetan «albo kalteak edota biktimen kopuru onargarria» izendatzeko baliatzen duten termino beldurgarria. Halaber, Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrek zuzendutako dokumentalari ere eman dio izena. Donostia Zinemaldiko Perlak sailean eta Venezian estreinatu ondoren, zinemetara iritsiko da. “The Guardian”-ek eta JW Filmsek ekoitzi dute filma, eta Jonathan Glazer da ekoizle exekutiboa.

Tel Aviveko teilatuetan gauez grabatutako filmak zehatz-mehatz erakusten ditu Israelgo Gobernuak Gazan palestinarren aurka gauzatutako sarraski neurtuaren eta masiboaren atzeko hariak. Erabateko anonimotasunean grabatu dituzte 24 militar eta militar ohi israeldarrekin egindako elkarrizketak, Tel Aviveko teilatuetan, inork identifika ez zitzan. Ahotsa ere digitalki aldatu diete.

«Ez dugu esaten zenbat haur edo emakume hilko diren; hamabost NAZA esaten dugu»; «Gaza mapatik ezabatu behar da». Horiek dira, besteak beste, Yuval Abrahamek eta Rachel Szorrek dokumentalean elkarrizketatutako Israelgo Armadako eta inteligentziako 24 kideen testigantzetako batzuk.