GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
INURRI ITSUAK

Ikatzaren eta ekaitzaren artean

Inurri itsuak” eta Paul Urkijoren filmak oso ezberdinak dira istorioei eta pertsonaiei dagokienez, baina antzekoak dira atmosferan eta tonuaren eraikuntzan. Urkijo beldurraren eta fantastikoaren kodeetan mugitzen den bitartean, Legarretak drama eta landa-westernaren ukituak nahasten ditu, giro zapaltzaile eta ilun batean bilduta.

Bere hirugarren filma estreinatu du Igor Legarreta zinemagileak. Legarretak eta Andoni de Carlosek euskaraz idatzi dute gidoia, Ramiro Pinillaren “Las ciegas hormigas” eleberri ospetsuan oinarrituta.

Algorta, Bizkaia, 1935. Denborale gogor baten ondorioz, ikatz tona ugari zeramatzan itsasontzi ingeles bat hondartu da kostaldean. Gauean zehar, Algortako herritarrak kostaldean pilatuko dira “urre beltz” hori berreskuratzeko. Sabas Jaureguik zorte kolpe gisa ikusiko du hondamendia; Josefak, haren emazteak, berriz, seinale txartzat. Bere erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek seme-alabak ekaitzera eramango ditu. Familiak ahal duen guztia egingo du negu gordinean bizirik irauteko behar duen ikatza eskuratu eta babesteko.

FAMILIA DRAMA

Funtsean, familia baten inguruan eraikitzen da istorioa, bereziki Sabasen (Olazabal) eta Josefaren (Ituño) begietatik kontatua. Bikotea dira, baina bi mundu ia kontrajarri. Sabas kaskagogorra, langilea eta beti aurrera egiten saiatzen den gizona da. Urteekin bere sentimenduak kudeatzen eta, nolabait, kutxa batean gordetzen ikasi du. Lana erabiltzen du aurrera egiteko motor gisa. Josefa, ordea, konplexuagoa da, hausnartzaileagoa. Galderak egiten ditu, eta ez da erantzun errazekin konformatzen. Gauzen zergatia bilatzen du, baita zergati horiek mingarriak direnean ere. Hor sortzen da bien arteko talkarik interesgarriena: Sabas ekintzatik bizi den bitartean, Josefa galderatik. Batek aurrera egin nahi du; besteak, aurrera joan aurretik, nondik eta zergatik ari diren galdetu nahi du.