Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ODOL ILARGIA

Iragana aldatzeko aukera

Drama, thriller ukituak eta fantasia uztartzen dituen proposamena da, eta euskarazko pantaila txikian orain arte gutxitan esploratutako lurralde batera eramaten du ikuslea.

2015ean eta 2025ean garatzen da istorioa. Institutuko ikasle ohien festa batean, Julen bere ikaskide ohiekin elkartuko da. Gau horretan Ibai agertuko da, haurtzaroko lagun handia izandakoa. Duela hamar urte Ibaik zerbait larria egin zuen, baina ez du sekula gertatutakoaren inguruko azalpenik eman nahi izan. Eta orduan iritsiko da telesailaren elementurik harrigarriena: odol ilargiaren pean, Julenek iraganera bidaiatzeko gaitasuna izango du, gertatutakoa aldatzeko ahaleginean.

Festaren lehen eszenatik bertatik, gazteen gatazkak eta tentsioak mahai gainean jarri eta telesailaren atmosfera trinko eta berezian murgiltzen gaituen arte, “Euphoria” eta “Dark” etortzen dira gogora. Ez dira, inondik ere, erreferentzia horien kopia edo isla zuzena -distantziak handiak dira eta proposamen bakoitzak bere nortasuna du-, baina telesail horien oihartzun txikiak sumatzen dira hemen eta han.

Hasieran apur bat kostako zaio ikusleari “Odol Ilargia”-ren unibertsoarekin guztiz konektatzea. Tonua, elkarrizketak, pertsonaien arteko harremanak eta istorioaren arauak ez dira lehen minutuetan erabat gardenak. Baina ez da komeni amore ematea. Atalak aurrera joan ahala, hasieran bitxiak diruditen egoerak beren tokia aurkituko dute.

Zenbait pasartetan erritmoak behera egiten du. Beste batzuetan, aurrekontuaren mugak agerian geratzen dira. Eta ez dira beti telesailaren baliabide teknikoak haren anbizioaren mailara iristen.

Baina amaiera iristen denean, hasierako elementu askok beste esanahi bat hartzen dute eta telesailak duen izaera bereziak guztia bereganatuko du.