Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Azaroa, arazo hila

Zinez, batzuetan ez zait erraza egiten zutabe horizontal hau neure burutik ordenatzea. Hori bai, nork bere ordena, pertsonala eta besterenezina. Eta nork bere desordena ere, jakina, hau bai besterengarria! Begiratzea baino ez dago planetako munduetan nagusitu den desordena berria! Bada hori, nire kasuan zutabe horizontal honetarako bi berba nituen abiapuntu: putre eta diesel, eta hortik aurrera balizko irakurlea zoratzea helburu. Baina, hara kolpea! Zer eta gure maparen kanpoko behealdean den Estatuaren hauteskundeak aurreratu, noiz eta azaroaren amaierara! Done Saturdi, tradizioan. Azaroa arazoen hil bihurtuta! Eta Ajuria Eneako eguraldi iragarleak tribunatik igarri bezala, bestelako hego haizea etor dakigukeelakoan, serio hartu behar dira hauteskundeak, badaezpada! Baina datozen lehenengoak serioago! Demontre!

Total, hautetsontziek berriro ere hartuko dute arnas, eta hautsa astinduko, ilunetik argira. Berrerabiliak izango dira, gaitz erdi! Boto paperak ez bezala, horiek berriak izango baitira: izenak seguru eta… auskalo izana ere mantenduko ote duten! Tira! Arraroa egiten zait batzuek belaunaldi erreleboa ulertzeko duten modua: gazteagoa baztertu zaharragoa jartzeko. Bai, badakit, urte adina ez da gaitasuna neurtzeko adina! Halere, pasadizoak agerian utzi du herrialderen batean EAJ-BMWko jeltzaleen eta jelkideen arteko arrakala, zementu asko beharko duena, betetzekotan.

Total, putreak izan ditut hasieran gogoan! Labarretako habiak utzi eta hirietara jaitsi dira sarraskijale, habiak etxebizitzetan egiten, bertokoak amildegian uzten. Putre antropikoak, burtsek jarritako txipak gidatuak! Merkatua eta Azoka, elkarren kontra, halabeharrez. Azaroa zer izango? Konponbidearen ala hor konponbidearen hasierako hila? Burtsa ala hil!