Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Aginduak erakusleiho

Uda atzean geratu da. Udazkenean gara, euria berriro bisitan, ongi etorria. Eta ekaitzak. Eta olatuak… Azken horiek zerbaiten adierazle hartu litezkeenak, kosta ahala kosta. Azken batez, hauteskunde garaian gara. Total, beroketa globalaren ondorioak ari dira azken honetan gehiago sentitzen, planetako munduetan. Eta ez, ez naiz zeruko klimaz ari, infernuko atea are gehiago zabaldu dezakeen klimaz baino. Nahiz eta, ondo pentsatuta, niri behintzat gero eta gaitzago egin zerua eta infernua, edota zuria eta beltza, katearen zein muturretan kokatu asmatzea. Kontuak atera, batzuetan infernuko beltza nahiago izaten dut, ikusita arerioen zerua zuria dela. Pikutara!

Non nengoen? A, bai! Bada hori, inguruko lurraldeetan boto-ontziei hautsa kendu eta sendi zaurgarriak etxegabetzen ari diren bitartean, urrunagoko lurraldean kolono madarikatuak olibondoak lurgabetzen ari dira, lurrez emankorra legez antzutu nahian. Zeru zuri halakoa! Tira, Murgoitio, demontre, harira! Zuek ulertzen ote duzue? Batetik, etxegabetze-aginduak edonondik, bizitza-etxe izan den horretatik kale gorrira di-da batean, lekuan lekuko gobernuak bide emanda. Bestetik, gure iparreko lurraldeetan gobernu denak etxeratze-aginduak kaleratu, kaleak utzi eta etxe diren horietara behartu nahi protesta egileak, isilpeko bizitza egin dezaten.

Zeinek ulertu tamainako nahasmena? Eta aginduak agindu, han-hemen, noizko uniformedun askoren burmuina desjabetu? Nago ni batzuek buruan duten amorrazio zer hori alokairukoa dela, baina beste batzuek jabetzan dutela, ostia txarra bihotzetik eskuko borrara daroatela. Borreroak. Total, hiri handiko kale nagusiak sutan, erakusleihoak txikituta, arazo larrien erakusleiho orain. Arazoen konponbiderako etorbide izatea espero nik, infernuko beltzeko neure txoko honetatik.