Amets Arzallus Lekunberrin garaile
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan atzo hasi ziren finalaurrekoak. Larraun-Lekunberriko Plazaola Kirolgunea bertsozalez gainezka zela, 1.500 zale ingururen beroa jaso zuten bertsolariek. Amets Arzallusek irabazi zuen saioa 746,5 puntu eskuratuta, eta bigarren Beñat Gaztelumendik egin zuen 733 puntu poltsikoratuta. Hurrengo astean Eibar izango da txapelketaren geltoki.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa atzo iritsi zen finalaurrekoen lehen itzuliko fasera. Larraun-Lekunberrin ospatu zen lehen saioa eta Amets Arzallusek irabazi zuen 746,5 punturekin. Hasierako agurrean aurreratu zuen saioko zaharrena zela, baina pentsatu nahi zuela ez zegola «estorburako», eta bertso berriak jartzeko asmoz heldu zela Plazaola Kirolgunera. Asmatu zuen, eta jarri zizkion bertso berriak atzoko egunari ere, eta horrela, Bilbon abenduaren 5ean egingo den finalaurrekoan kantatzeko eskubidea irabazi zuen.
Berarekin aritu ziren kantuan Beñat Gaztelumendi (733 puntu), Saioa Alkaiza (689,5), Xabat Illarregi (674,5), Xabat Galletebeitia (664), eta Gorka Pagonabarraga (624). Gai jartzaile lanak Aizpea Garmendiak egin zituen.
Hasierako agurretik bertsolari bakoitzak kantatu nahi izan zuen nondik eta zertara igo zen oholtzara, eta ondorengo lan puntuagarrietan bertsoaldi gogoangarriak utzi zituzten. Ohi bezala zortziko nagusiarekin abiatu zuten saioa, eta akaso saio borobilena Gaztelumendik eta Illarregik ondutakoa izan zen. Erreskate talde bereko bi kideren gorputzean jarri zituen gai jartzaileak, mendira joateko baldintza desegokiak iragarrita egon arren, mendizale talde batek gailurrera igo nahi eta haien erreskatetik bueltan zetozen. Gaztelumendi abiatu zen: «Belaguan gora elurra hasi/ ta halere gora jarrai / Petretxemara igo nahi zuten/ baina ez dira izan gai/ ez kranpoi ez kasko ere/ nonbait ez zutelako nahi/ haien bizitza jokatu dute/ eta gureak ere bai ». Illarregik zuzen erantzuna: «...Kasurik inoiz ez zaigu egin / aholkutan eta gaian/ baina ondoren deitzen gaituzte/ behar gaituzten garaian».
Arzallus eta Pagonabarragak ere saio txukuna osatu zuten zortziko handian. Abeltzainak izan ziren eta aurtengo lehorteek eta belar eskasiak eragin zuzena izan dute haien jardunean. Urrian kokatu zituen gaiak eta dagoeneko neguko erreserben erdia gastatua zuten. Bigarren bertsoan bota zuen arrazoi nagusia Arzallusek: «...baina ez dago nonbait dirurik/ finantzaren sabeletan/ dena joan da armagintzan ta/ Belateko tuneletan». Eta iritzi antzekoa izan zuen Pagonabarragak ere: «iragarkitan ondo geratu/ ohi da abeltzain laguna/ baina bistan da lehen sektorea/ ez dela lehentasuna».
Zortziko txikiko ofiziotara egin zuten segidan jauzi. Arzallus eta Gaztelumendik lagunen paperetik kantatu zuten, herriko gaztetxean militatzen dute biek, eta duela bi aste Ametsek Beñati mezu bat bidali zion pankarta bat egiteko eskatuz, baina oraindik ez du erantzunik jaso, kalean topo egin berri dute. Arzallus: «kalean txistuz zatoz/ kantatuz kantua/ zure militantzia/ pribilegiatua». Eta Gaztelumendik umorez erantzun: «Pribilegio hori/ didazu somatzen/ besteen aginduak/ ez ditut onartzen/ gora autogestioa/ lelotzat ona zen/ ta ari naiz denbora/ autogestionatzen».
BAKARKA, ZEHAZTASUNA
Puntukako saioak azkar, bizi eta umoretsu joan ziren, entzulearen belarriak goxatu eta aretoa lehertzeraino helduz zenbait unetan. Bakarkako lanak izan ziren agian osatuenak, bertsolari bakoitzak beretik uzteko aukera izan baitzuen.
«Bizitza guztia daramazu zure herriko kirol klubean sartuta hainbat zereginetan laguntzen, lehendakari izateko eskatu dizute, ezetz esan nahi duzu», esan zion Garmendia gai jartzaileak Alkaizari. Lehen bertsoan arrazoitu zuen bere ezetza: «lehendakaritzan ez naiz ikusten/ ez bazaizue inporta/ zurikerian ez dut bete nahi/ emakumearen kuota». Eta hirugarren bertsoa goitik behera ekarri zuen: «Ta ‘bale bale’ erantzun dut hark/ bere zauria orbaintzen/ nik esan diot lanpostu hori/ ez du urreak ordaintzen/ triste nengoke ta txikitua/ nere baitara ebaintzen/ letorkeena badudalako/ urrutitikan usaintzen/ ta dena garbitzen/ erratzaz dena alaitzen/ herriko lanak txikin eginda/ ez inorekin etsaitzen/ nere buruai esaten diot/ ‘jo, Saio, ze ona haizen’ ez dakizue inurri lanez/ ze zoriontsua naizen».
Illarregik bertso bakoitzera ideiak bikain ekarri ditu. «Gaur ordaindu duzu duela 30 urte erosi zenuen etxearen azkeneko kuota» esan zioten. Puntu motzetan errimarekin jolas egin ondotik lehenengo ideia plazaratu zuen: «zer paradoxa etxearena/ hau al da giza legea?/ nere etxea deitzen niona/ gaur arte ez zen nerea». Bigarrenean hausnarketara jo zuen: «azkenerako teilatupe hau/ hartu ahalko dut etxetzat/ baina aukera hau izan al da/ nere seme alabentzat?». Hirugarrena: «Askotan jarri baitiot nere/ buruari nik eskela/ ezin ziteken bestela/ ordaindu ezean etxea bihur/ baitakizuke kartzela/ orain nere da 80 metro/ neurtzen ditun partzela/ lehenago ez zen bezela/ zoriontasun bat sentitzen dut/ agian erdi ustela/ badakit eta famili asko/ kanporatzen dituztela ».
Galletebeitia ideia, hausnarketa zein egoera bakoitzari hitzak jartzen espezialista dela ezin da ukatu, eta Lekunberrin ere 40 urterekin lehen aldiz bizitzaren garestitzearen aurka mobilizaziora atera den herritarraren paperetik ederki kantatu zuen: «Nahiz ta lagunek eman eskua/ gorroto nuen arnas estua/ guztia neukan berez ahaztua/ baina handitu da bizi gastua/ albo batera utzi nahi ditut/ lotsa ta aurre juzkua/ manifa baten parte izango naiz/ bularra gogoz puztua/ urte luzetan izan dut paso/ egiteko apustua/ erosoena izan ziteken/ baina ez da izan justua».
Ohikoena saioa bakarkako lanekin amaitzea bada ere, fase honetan hamarreko txikia izango da azken ariketa. Gaztelumendi eta Alkaiza igeltseroak izan ziren atzo, lanez gainezka zeuden eta eskari guztiei erantzun ezinik; Beñatek beren lanaren prezioa igotzeko unea dela uste zuen, Saioak ez zuen nahi. Alkaizak esan zion nahiago zuela jarrita dituzten prezioekin jarraitu beren bezeroen «hezurrak zukutzea» baino. Alternatiba proposatu zion azken bertsoan Gaztelumendik: «biontzat litzateke/ kobratzea hobe/ ez daukanari erdi ta/ daukanari doble».
«Egigun irri baina/ erakutsi hortzak /bertsoa izan dadila/ etxe bat denontzat», esanez amaitu zuen Arzallusek agurra, eta etxe hori eraikitzen jarraitzeko hurrengo geltokia Eibarrekoa izango da, datorren larunbatean.

Ansola tiró de consultora y descartó a Bengoetxea para Bilbo porque «no ilusiona»

Entresijos y claves del 20-O, quince años después

Un proceso sin marcha atrás, escisión armada o reincidencias

El modelo Milei: tres años de doctrina del shock en Argentina
