Hau ere antifaxismoa da
Egun, faxismoak bete-betean zeharkatzen ditu gure bizitzak eta gorputzak. Azkenaldian, kaleetan, sare sozialetan, komunikabideetan eta lagunarteko elkarrizketetan etengabe entzuten dugu «faxistak datoz» edo «erreakzio faxistak areagotzen ari dira».
Hala adierazi genuen aurreko asteko elkarretaratze antifaxistan bildu ginen herri mugimenduetako eragileetako ehunka kideok eta iruindarrok. Iruñea hiri antifaxista da eta probokatzaile faxistek aurrean izango gaituzte.
Testuinguru honetan, ordea, funtsezkoa da hausnarketa sakonago bat egitea eta antifaxismoaren iruditeria klasikoa eta bere definizioak aztertzea. Izan ere, biolentziaren erabileraz eta lehen lerroa gorputz jakin batzuek hartzean jokatzen duten paperaz ari garenean, ohartzen gara gorputzak esanahia duela eta antolakuntza eredu horretan ez direla beti gorputz guztiak modu berean kontuan hartzen. Gorputz diogunean emakumeak, sexu-genero disidenteak, migratuak, arrazializatuak... esan nahi dugu. Egon badaude ezkerrean eta behean kokatzen diren errealitateak eta horiei guztiei ere lekua eta ahotsa aitortu behar zaizkie, eta guri -herri mugimenduari- dagokigu eginkizun hori.
Iragan urriaren 12an Iruñeko Arrozak ekimenak antolatutako mobilizazioak balio digu horren adibide argi gisa. Geurean tradizionalki faxismoaren kontrako borroketan desplazatuak izan direnei, migratzaileei eta arrazializatuei batik bat, agentzia eta protagonismo erabatekoa eman zizkien egitasmoak, bai eta beren ekarpena egin Iruñeko eta Euskal Herriko antifaxismoari: herri mugimenduaren elkartasun eta elkargune eredu batzuk balioetsi eta sustatu ez ezik, edukiz ere bete zuten aldarrikapen antifaxista, ongi bete ere.
Horregatik diogu kontuz ibili behar dugula antifaxismoa ulertzeko moduekin, sinplekeriaren tranpetan erortzeko arriskua handia baita, ezkerraren eta herriaren kalterako. Ez ditugu zalantzan jarriko ekimen faxistei presio soziala egiteko moduak. Bat gatoz faxismoari aurre egiteko beharrarekin, eta eztabaidarako tarterik ez uztearekin. Baina, antifaxismoa eguneroko eta arnasa luzeko karrera bat ere bada, edukiz eta praktika politikoz bete beharrekoa.
Ez dezagun ahaztu faxismoak jopuntuan dituen gorputzak: pertsona migranteak, arrazializatuak, emakumeak, sexu-genero disidenteak... Ez kasualitatez, gizartearen subjektu zaurgarrienak baliatzen dituztelako haien gorroto diskurtsoak hedatzeko eta langile klasea zatiketa eta zapalkuntza logiketan sartzeko.
Hala bada, transfeminismoa eta antirrazismoa beharrezkoak dira, arazoaren benetako muinari heldu nahi badiogu. Transfeminista izatea antifaxista da. Antirrazista izatea antifaxista da. Baina horrek antifaxismoa pentsatzeko eta praktikatzeko beste modu batzuk ekarriko ditu ezinbestean, eta gai izan beharko dugu pentsatzeko eta praktikatzeko modu berri horiek gure praktiketan txertatzeko, gure hirira hautsak harrotzera etortzen direnean ere bai.
Ezberdinen arteko batasuna bilatu denean feminismoa eta antirrazismoa bigarren mailako borroka gisa utzi duenik egon denez, hona hemen geure mezua: hala feminismoa nola antirrazismoa antifaxismoa edukiz betetzen duten proiektu politikoak dira. Mugimenduak gorpuzteko modu askotarikoak aldarrikatzen ditugu, eta ez irudi huts gisa. Eta, bai, beraz, geure eta herri honen erabateko askapena lortzeko eta faxismoari aurre egiteko ezinbesteko elementu gisa.

Ansola tiró de consultora y descartó a Bengoetxea para Bilbo porque «no ilusiona»

Entresijos y claves del 20-O, quince años después

El modelo Milei: tres años de doctrina del shock en Argentina

Hilerrian fusilatu zituztenak eusko gogoan bizi daitezen
