Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BLUE HERON

Oroitzapen osatugabeen edertasuna

Sophy Romvarik, familiako oroitzapenak abiapuntu hartuta, iraganeko mina, errua eta gertatutakoa aldatzeko ezintasuna lantzen ditu, modu fin, sotil eta sentikorrean. “Blue Heron” Vancouver uhartean dago girotua, 90eko hamarkadaren amaieran. Sasha zortzi urteko neskatila da, familia etorkinarekin batera etxe berri batera bizitzera joan dena. Lekualdatzeak beste bizitza baten promesa dakar, baina eguneroko bizikidetza gero eta korapilatsuagoa bihurtzen da Jeremy anaia zaharrenaren portaeraren ondorioz.

Filmak ez du gatazka etengabe azpimarratzen. Tentsioa etxeko espazioetan, gurasoen erreakzioetan eta Jeremyren presentzia gero eta kezkagarriagoan iragazten uzten du, isiluneen eta keinu txikien bidez. Hala, familiaren hauskortasunaren erretratu zintzoa osatzen du, sentimentalismoa eta epaiketa morala baztertuz. Esperientzia autobiografikoetatik abiatuta, Romvarik ez du krisian dagoen familia baten ohiko drama eraikitzen; ulertu ezin den horri begiratzeko modu bat proposatzen du.

Filmaren egiturak, gainera, denboran zeharreko jauzia egiten du, ikusitakoaren esanahia eraldatuz. Haurtzaroko oroitzapenetatik helduaroko begiradara igarotzean, iragana berreraikitzeko ahalegina bihurtzen da filma. Irudiek, argazkiek eta oroitzapen-zatiek gertatutakoaren arrastoak gordetzen dituzte, baina ez dute egia osoa agerian uzten. Izan ere, gogoratzea ez da iragana izan zen bezala berreskuratzea, geratu zaizkigun irudi osatugabeekin bizitzen ikastea baizik.

Sophy Romvarik, zinemaren bidez, irudi horiek bildu, denboran iraunarazi eta berriro begiratzeko aukera ematen digu.

Iragana ezin da aldatu, baina hari begiratzeko modua bai. Eta distantzia txiki horretan, iraganaren eta orainaren artean, aurkitzen da film honen edertasuna.