Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Hiriak, parkeak eta tabernak

Inbidia diet Erresuma Batuko eta Irlandako hirietan egoten diren parke izugarriei. Jendea hara joaten da lagunekin berba egiteko, senideen arteko urtebetetze festa bat antolatzeko edo, besterik gabe, belartzan egoteko ezker-eskuin ikusten diren katagorriei jana ematen. Eguzki gozoaren egarriz, manta bat zabaldu eta elkar laztanduz eman dezakete arratsaldea bikoteek. Edo zuhaitz baten abaroan bazkalorduko sandwich ziztrina jaten ikus dezakezu gorbatadun gizonezkoa. Hego Euskal Herriko hirietan parke gutxi dago, salbuespenak salbuespen, eta sarritan haurren jolastoki modura edo txakurra paseatzeko erabiltzen ditugu batez ere. Naturarekin harremanetan jartzeko, basora edo mendi aldera joaten gara, sarritan, autoa hartuta. Natura maite dugu, duda izpirik ez dut, baina ezin dugu edo ez dakigu eguneroko hiriaren bizimoduan integratzen. Ospakizunak jatetxe bateko mahaiaren bueltan edo tabernan zerbait edaten irudikatzen ditugu. Gure aisialdia eta ostalaritza era trinko batez loturik daude. Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi dublindarrak, adibidez, ez direla joaten pubetara. Ordu asko eman dezakete bertan, garagardo eta musika artean.

Agian soziologia merkea egiten ari naiz, inolako daturik ez daukat eta. Baina konbentzituta nago ezinezkoa zaigula tabernarik gabeko jendarterik irudikatzea. Eta horregatik, neure buruari galdetu nion lehengo batean zenbat taberna ote dagoen Donostiako Amara auzoan eta zenbat nerabe sartuko diren horietara zerbait hartzera. Alta, bertako auzokideek Udalari eskatu diote legezkoa den guztia egin dezala 2.000 ikasletik gora duen ikastetxe baten ondoan McDonald’s bat ez dezaten jarri. Auzokideen ezinegonaz jabetzen naiz horrelakoak ekar lezakeen zaratagatik, esate baterako. Eta errespetua merezi dute seme-alaben ongizateaz arduratzen diren gurasoek. Baina ikerketa psikosozial sakona beharko litzateke zehatz-mehatz ulertzeko zein den protesta horren funtsa. Helduen kontrako debekuaren bila ez doazela diote. Orduan, zer eraginetik salbatu gura dira nerabeak?