Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Abiadura

Gauza bera al dira erantzukizuna eta erruduntasuna? Zertan datza kate luze bati eusten dion lehen eslaboiaren ardura katea milaka pusketan hausten denean? Zein da unerik egokiena katearen lehen zirrindolak huts egin duela onartzeko?

Trenetan idatzitako galdera eta hausnarketez jositako oharrak ditut bilduta. Horietako gehienek ez dute baliorik, baina bidaiak baimentzen zidan aukeraz baliatzen nintzen Gasteiz-Iruñea-Gasteiz trena hartzen nuen bakoitzean.

Abiadura handiko trenak ez daude idazteko asmatuak. Kirmen Uriberen poemak dioen bezala, «orain dena da ziztu bat, dena da presa eta nekea». Baina, akaso, une batez gorde beharko ditugu berriz ere honen aurka agertzeko ditugun arrazoi sozial, ekologiko eta ekonomikoak. Akaso, une batez isildu behar dugu, sikiera euren senideen gorpuaren esperoan diren familiak egon bitartean. Miserablea delako tragedia batekin politika egitea; jakinda erantzukizuna eta erruduntasuna gauza bera ez badira ere, norbaitek izan behar duela ardura. Hitzok idatzita zirela eman du Oscar Puentek dimisioa, baina gogo gabe nabil idazkiari buelta emateko. Prentsaurrekoaren berri ematen ari zirela itzali dut irratia eta kaskoak jarrita Anariren “Txikizio hau dena” kantua hasi naiz entzuten.