Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

«Deux passions»

Estatu frantziarreko greba orokorraren mobilizazioetan «J’ai deux passions, la fanfare, la révolution…» abesten dute. Mobilizazioen arragoan, Pariseko Errepublika plazako irudiek erakutsi dute artearen alaitasuna. Horren eragile Mundu Berriko Orkestra dugu. Arras interesgarria da orkestra militante hori. Manifestu bat badu bere izatea azaltzeko; honela hasten da: «Gure kolektiboa sortu da erresistentziarako orkestra bat sortzeko asmoz, munduko erronkei aurre egiteko, justizia sozialarekin eta klimatikoarekin konprometituta. Alternatiba bat eraiki dugu musika klasikoaren eredu dominatzailearen aitzinean». Eta hori aurrera eramateko ezinbesteko ikusten dute antolakuntza eta militantzia.

Alaitasun bikoitza eragiten dit horrek; lehenik, neoliberalismoari aurre egiteko mobilizazioei gero eta jende gehiago lotzen ari zaielako, eta, bigarrenik, kultura adierazpenek, arteak, lekua dutelako horretan.

«Mundu berri bat nahi dugu, enpatikoagoa, bakearen, duintasunaren, elkartasunaren eta aberastasunak banatzearen alde egiten duena ekosistema babestuetan. Kulturaren indarrean sinesten dugu, arteak guztion ondare gisa duen indarrean, irudimenak adimenak askatzeko eta batzeko duen indarrean, etorkizun argitsuago eta justuago baten esperoan enpatia bihotzean txertatuta dugula». Nik baditut bi grina, kontalaritza eta iraultza… Mundu berria amets.