GARA
BILBO

«Euskadiren ahotsa» indartzeko programa aurkeztu du EAJk

EAJk bere programa aurkeztu zuen atzo.
EAJk bere programa aurkeztu zuen atzo. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAJk azaroaren 29ko hauteskundeetarako programa aurkeztu zuen atzo Bilboko Sabin Etxean. Kongresurako Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hautagaiek, Maribel Vaquerok, Idoia Sagastizabalek eta Gorka Urtaranek, talde jeltzalearen proposamenak azaldu zituzten. Aurkezpenean, Vaquerok Madrilen «ahots propioa» eta «ordezkaritza politiko sendoa» izateko beharra nabarmendu zuen, «Espainiako politikaren blokeen arteko konfrontaziotik aldenduta».

«Euskadik ezin du dinamika horretan harrapatuta geratu, eta haren ahotsa ezin da konfrontazio horretan desitxuratuta geratu», adierazi zuen Vaquerok.

BOST KONPROMISO ETA 30 PROPOSAMEN

“Euskadi zaindu: Defendatu, adostu eta exijitu” lelopean, hauteskunde programa bost konpromiso nagusitan eta 30 proposamenetan egituratu dute. Vaquerok azaldu zuenez, hauek dira 5 helburu nagusiak: «Herritarrek Euskadin beren bizi proiektuak garatzeko aukera izatea; lan egiten duen eta aurrera egiten duen Euskadi bultzatzea; lasaitasunez eta eskubideekin bizitzea; lortutakoa zaintzea; eta erabakiak hemen hartzea eta Euskadiren ahotsa entzunaraztea».

Lehen puntuan, etxebizitzaren auzia jorratzen du batez ere. «Etxebizitza eskuragarri gehiago nahi ditugu, alokairurako arau argiak eta segurtasuna maizterrentzat nahiz etxebizitza alokatzen duten jabe txikientzat», adierazten du EAJk bere programan.

Era berean, «bizitzaren kostua kontuan hartzen duten soldatak, eskubideak bermatzen dituzten lanpostuak eta benetako aukerekin lotutako prestakuntza» defendatuko dituztela nabarmendu zuen Vaquerok.

Ekonomiaren arloan, EAJk «industria lehiakorra» defendatzen du, «inbertitzeko gaitasunarekin, eta industriarentzat zein familientzat energia nahikoa eta prezio onean bermatuta». Era berean, inbertsioak eta epe zehatzak eskatzen ditu estrategikotzat jotzen dituen azpiegituretarako, Euskal Y-tik hasi eta trenbide lotune, portu eta aireportuetaraino.

Erronka demografikoari eta migrazioari «zorroztasunez eta populismotik at» heltzeko beharra ere defendatu zuen EAJko Gipuzkoako hautagaiak.

Segurtasunaren aferak ere toki nabarmena du jeltzaleen programan. Hala, Ertzaintzari «behar dituen baliabide guztiak bermatzea» eskatu du, «haren jarduteko gaitasuna eta Europako polizia lankidetza zuzenean parte hartzeko aukera indartuz». Horrez gain, «delituak behin eta berriz egiten dituztenen aurrean azkar, proportzioz eta eraginkortasunez jardungo duen justizia» aldarrikatu zuen, lege erreformak bultzatuko dituela esanez.

Iraganeko gertaeren inguruan, egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko beharra ere jarri zuen mahai gainean. Hala, Mikel Zabalzaren kasua, Martxoaren 3ko gertaerak, 1978ko Sanferminak eta Aldama tabernaren auzia argitzeko eskatzen jarraituko dutela adierazi du. Horretarako, Sekretu Ofizialen lege berri bat eta egia ezagutzea ahalbidetuko duen dokumentazioaren desklasifikazioa galdegingo dituzte.

NAZIO AITORTZA ETA AUTOGOBERNUA

Autogobernuaren defentsa ere programaren ardatzetako bat da. Vaquerok adierazi zuenez, EAJk «Euskadiren nazio aitortzaren alde eta estatus politiko berri baten alde lanean jarraituko du». Era berean, Gernikako Estatutua osorik betetzea eskatuko du, «aldebikotasunean oinarritutako harremana sustatuz eta gure herriaren eskubide historikoak defendatuz».

Kontzertu Ekonomikoa eta finantza autonomia ere defendatuko dituztela berretsi zuen, «edozein esku hartze edo erasoren aurrean».