2013/11/12

Igeldotarrek argi dute: Igeldo udalerria, bai ala bai

Igeldotarrek euren herriaren etorkizunaz iritzia eman nahi zuten eta argiro eman dute. Herritarrak nahasi eta elkarren kontra jarri nahi izan dituztenek, jolas dezaten uzteko plantak egin eta emaitza «arriskutsua» izatera iristen denean mehatxuka hasi eta faltsukeriak airatzen saiatu direnek, hobe lukete emaitzak oso kontuan hartzea eta igeldotarren heldutasun eredugarria aitortzea. Prozesua kakaztu eta judizializatu nahi zutenek badute hausnarketarako arrazoia. Eredugarria, partaidetza handikoa, lasaia eta, era berean, emozio askoren askabidea izan baita herri galdeketa. Eta emaitza, aitzakiarik gabekoa: igeldotarren erabakia Igeldo udalerria izatea da.

Ez dirudi, baina, EAJ, PSE eta PP alderdiek, ezta beren sokako Gipuzkoako egunkariek ere, igeldotarren hitza aintzat hartzeko prest daudenik. EAJko beso ortopedikoa den plataforma batek atez atekoaren aurka Bergaran antolatu duen iruzurrezko sasikontsultarekin konparazioa egiten ausartu dira, Igeldo toki-erakunde txiki gisa eratzeko edo deszentralizaziorako prest azaldu dira, baina beti ere Donostia barruko izanik. Ihesbide zabarrak, egiari begietara ez begiratzeagatik, igeldotarren hitza kaikuan txiza egitea bezalakoa bailitzan. Eta ez! Igeldok hitz egin du, argi eta garbi, eredugarri benetan, eta aintzat hartu behar da haien mandatua. Eskumena Foru Aldundiarena da eta aukera bakarra du: Igeldo udalerri izatea, bai ala bai.