Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Azken 200 urteetako Donostiako hirigintza prozesuari eskainitako erakusketa, San Telmo Museoan

Donostiako arkitektura asko aldatu da bi mendeotan. Guztiz suntsitua izan ondoren, Alde Zaharra eraiki zuten lehenengo, eta hortik abiatuz, gaur egun ezagutzen dugun hiria izatera pasatu da pixkanaka.

Urtea amaitzear dago, baina Donostiak oraindik ez ditu atzean utzi nahi 1813ko hiriaren suntsiketa eta berreraikitzea gogoratzeko ekintzak. Hilabetez hilabete mugarri desberdinak prestatu dituzte gaiaren inguruan sakontzeko, eta era berean, herritarren artean ezagutza eta partaidetza sustatzeko asmoz. Atzo sutearen bigarren mendeurrenaren hamabigarren mugarria aurkeztu zuten, «200 urteko hiria» erakusketa, alegia.

San Telmo Museoko laborategi aretoan abenduaren 8ra arte izango da ikusgai, eta jendeak Donostiako hirigintzaren inguruan gauza berriak ikasteko balioko du. Juan Karlos Izagirre alkateak azaldu bezala, erakusketa elkarlanean prestatu dute arkitektura aditu zein ikasleekin batera. Lantaldeko kideetako bat eta bildumaren komisarioa da Teresa Meana. Hiru elementuz dago osatuta erakusketa: denbora-lerro bat, non ikusten diren urte hauetako guztietako proiektuetako planoak eta hiriaren eraldaketa; Alde Zaharreko eraikinik garrantzitsuenen deskribapen gune bat; eta dokumental txiki bat. Meanaren esanetan, «erakusketa ideia txiki bat bezala sortu zen, baina hainbeste informazio biltzea doktoretza tesi bat egitea bezalakoa zen, eta urtebetean ezinezkoa zen. Beraz, laguntza eske hasi ginen eta orduan dokumentu asko pilatu genituen eta ikusi genuen hasiera batean uste genuena baino erakusketa handiagoa izango zela».

Erakusketa honen helburua arkitektura edonoren esku jartzea da, eta horretarako hizkuntza arrunta erabiltzen dute, hitz teknikoak saihestuz.

Gehiago nahi duenarentzat

Erakusketara bisita gidatuak egitea aurreikusita ez dagoen arren -informazio panelak oso argiak dira- arduradunekin hitz eginez gero, posiblea da adituek ikerketan eman dituzten pausoen berri azaltzea. Era berean, datozen asteetan lantaldeko bi kidek hiriko Alde Zaharrean zehar erakusketan ikusitakoa azalduko dute «maketetan baino, aurrez aurre ikustea» hobea delako, Meanaren ustez.

Miren Azkarate bigarren mendeurreneko batzorde ez iraunkorreko presidenteak azaldu bezala, honako erakusketa San Telmo Museoko erakusketa nagusiaren osagarria izan daiteke. Horrek gerraren eta bakearen arteko harremana aztertzen du, 1813ko sarraskia oinarrian hartuta, betiere.