Haimar Altuna
Adiskidea eta preso politiko ohia

Larunbatean Sevilla II-ko espetxera martxa

Lehenik eta behin besarkada estu bat Gari, Txus, Asier, Urtzi, Iker, Koldo, Manu, Jabi, Juantxo, Gurutz, Inaki, Roberto eta Juan Mari. Aupa zuek!

Ez da erraza mezu hau zuei idaztea, jakinik ze ibilbide egin beharko duen, eta zuen eskuetara iristerako asteak igaroko direnean. Baina agian horregatik ere nire saiakera, asmoa eta nahia. Herriarengandik urrundu nahi zaituztete, ez distantzian bakarrik baizik eta gure bihotz eta buruetatik. Tronpatzen dira berriro ere, inoiz baino gertuago zaituztegu eta gehiago maite zaituztegu.

Gose greba mugagabean zaudete. Erraz ahoskatu eta idazten dira bi hitzok. Baina soilik zuek dakizue eta, era berean, gure herriaren askapen bide honetan, espetxetik igaro eta zuen moduan oinarrizko eskubideak onartuak izan ahal izateko beste biderik ez dagoenean borroka tresna gogor hau hautatu beste aukerarik izan ez dugunok, ehunka emakume eta gizon, hauen ondorioz bizitza bera ere eman dutenak barne.

Badakit hilabete luzeetan saiatu zaretela espetxeko arduradunekin eskubide urraketa, gehiegikeria, errepresio eta umiliazio modu desberdinak konponbidean jartzen. Eta nola ez, beti erantzun bera, zurikeria eta aldaketarik ez.

Azkenean zuen osasuna jokoan jarri behar izan duzue, eta honek amorratzen nau, mintzen. Kalean garenok, egunerokoan baditugu hamaika lehentasun, kirola, aisia, lasaitasuna, konpromiso minimoak...

Eta orain ere, gutako askori behintzat, ikasgai bat eman diguzue, duintasun eta kementasun erakustaldi bat.

Bai, badugu zer egina. Euskal Herriaren alde guztia emateagatik sartu zintuzteten preso. Eta gaur egun ere, aldiro ikusten dugun moduan estatuen jomuga zarete. Hasitako bidearen aurka erabiliak. A ze koldarkeria!

Bueno lagunok, hitz hauek erabili nahi nituen bereziki zuenganako miresmena erakutsi eta animoak bidaltzeko. Era berean ere, berriro ere, zuen senideei gure aitortza eta babesa eskaintzeko.

Bide eta borroka beretik goaz. Euskal Herria dugu amets. Askea, justua eta geure buruaren jabe.

Lortuko dugu!

Larunbatean Sevilla II-ko espetxera egingo dugun elkartasun martxan izanen gara, egonen gara. Animo eta eutsi kastari!