Ariane Kamio
Kazetaria

«Mama Chicho me toca...»

Mama Chicho me toca...», abesten zuten telebistan agertzen ziren emakume haiek. Arropa gutxi eta gorputza begi bistan izaten zuten talde haietako parte hartzaileek eta telebistari begira egoten ginen zaharrenetatik hasi eta txikienetaraino. Egongela txiki batean hamar lagun pilatzeko gaitasuna izaten genuen (haurrak, noski, lurrean eserita beti ere).

Amonak bere lekua aurrez ezarria zuen. Atotxan abonatua izango balitz bezala, silloiak bere izena zeraman eta toki estrategikoa zen gainera telebista ikusteko. Hiru lagunentzako tokia zuen sofa ere bazen. Izeba, osaba eta gurasoak sartu behar bertan! Izebak sukaldetik aulkia ekarri, amonaren silloia apur bat mugitu, bere kopeta iluna ikusi eta gelako bazter batean esertzen zen. Eta hantxe ematen genituen orduak, Mama Chichoei begira.

Pasa ziren garai haiek eta biluztasun gutxi ikusten da egun telebistan. Eskerrak! Emakumeak ez gara dagoeneko objektu sexualak (ez dakit hau zenbaterainoko egia den, baina hobe hala esaten badut). Orain bi lagun esertzen gara sofan, edo bakar bat. Haurrak ohera noiz sartuko amorratzen egoten gara, telebista piztu eta mugikorrean Facebook-eko «lagunek» zintzilikatu dituzten argazkiei begira. «Txokolate zati bat edo nahi al duzu?», galdetzen diogu ondoan dugunari, «atsegin dut» ematen diogun bitartean. Sukaldera joan-etorria eta berriro egongelara.

Badira, baina, noizean behin begiak mugikorretik telebistara altxarazten dizkiguten saioak. Kasu honetan, ez bere kalitateagatik, atentzioa deitzen duen genero bereizketagatik baizik. Xabier Euzkitze, Anjel Alkain, Iker Galartza eta Jon Plazaola «Kontrako Eztarria»n, ETB1en. Zezenen estalketa kuriosoak eztabaidagai, eztabaidagai edo gizonen arteko elkarrizketa gai. Klixeak bata bestearen atzetik, baina emakume bakar bat ere ez. Saioko Mama Chichoa izan zitekeen Paulino ere ez da emakume estiloan atera. «Gangnam Style»n euskaldun bertsioan zaldi gainean dantzan. Eta atzean zaldizko kuadrilla, bere estiloan. [@arianekamio]