2013/11/13

Santi Angulo
Irakaslea
Zeinen historiaz ari gara?

Iragana gertatutakoa da, historia batzuek idatzi dutena da.

Euskal Herrian historian zehar gauza asko gertatu zaigu bertako biztanleoi; historia hori, berriz, gehienbat arrotzek idatzi digute. Gure herrietan maiz aurkituko dugu historian agertzen diren arrotz zapaltzaileen omenez jarritako eskulturak, plakak, izenak... Orreagako Errolanen omenez jarritako harritik hasita. Bertakoez ia inor ez da gogoratuko, ez bada arrotzen zerbitzuan ibili direlako. Oso nazio gutxi egongo da munduan arrotz zapaltzaileei hainbeste omen egin dienik. Gurean ugari dira adibideak. Areago, egun, oraindik ere, horrelako ospakizunak ikusten ditugu.

Antzinako garaietan, euskaldunek ez zuten idazteko ohiturarik, gero ez zekiten latinez edo gaztelaniaz idazten edo funtzionarioak arrotzak ziren; aitzakia asko ikusi dugu. Baina orain ez da horrela gertatzen eta, hala ere, zeinen historia erakusten dugu? Besteak beste, Euskal Herriko herrietan erromatar inperialisten usadioak erakusten dizkigute, Cameloten estiloko Erdi Aroko feriak antolatzen dira, frantsesadaren batailak antzezten dira, gotorleku militar espainiarraren bisita gidatua (berunezko soldaduak eta guzti) egiten da, ez dakit zeren alardea egiten dute... Ospakizun horietako gutxik hartzen ditu kontuan bertako biztanleen egoera, hizkuntza, sentimendua, sufrimendua, existentzia bera ere. Garai haietako biztanle euskaldunek gertakari haiek nola bizi izan zituzten ez da ospakizun horietan islatzen, herritar xume euskaldunak ez ziren existitzen alegia, desagertuak daude egungo kontakizunetan. Bestalde, ikastetxeetan erabiltzen diren testuliburu gehienetan ere Espainiaren edota Frantziaren kontuak dira nagusi, hemengo aipamenak anekdotikoak, folklorikoak eta Euskal Herria ukatzen dutenak direlarik. Zeinen historiaz ari gara, beraz?

Azken urteetan, memoria berreskuratu nahian edo ez, gure herrietan historiarekin zerikusia duten gertaera ugari azaleratu dute. Hainbat elkarte geure historia kontatzeko ahaleginetan dabiltza. Nafarroan konkistaren mendeurrena antolatu duen herri ekimenak, Nafarroa Bizirik-ek astindu ederra eman die gure zapaltzaileei. Donostiaren erretzearen mendeurrenean ere oso fin aritu dira antolatzaileak herritarren sufrimendua plazaratzen. Arbizun ere bai.

Badugu lan interesgarri bat egiteko, badugu eredua. Eskolatik hasita herri guztietara desobedientzia eta intsumisioa praktikatzeko eremu zabala dugu. Ez gaitezen lotsa hemen herri bat izan zela eta badela esateko orduan. Ez dezagun zapaltzaileen historia konta, zapaldutako herritarrena baizik. Aldaketak hitzez ez ezik, ekintzez ere gauzatu behar ditugu. Bada garaia.