Ane ARRUTI DONOSTIA

«Eskutik eskura», euskal hiriburuetan haurrentzako «bookcrossing» bat

Olatz Bravo donostiarrak haurrentzako bi liburu idatzi ditu, Ainara Azpiazu eta Alicia de Miguel ilustratzaileekin batera. Sasi Guztien Gainetik bilduman argitaratu ditu Erein argitaletxeak «Izotz zuloa» eta «Hiru dragoi», eta bi ipuinek «apaletatik plazara» salto egin dezaten, haurrei eskainitako «bookcrossing» edo liburu trukatzea jarri dute martxan.

Donostian, Bilbon, Baionan, Gasteizen eta Iruñean liburu bakoitzetik bi ale «utziko» dituzte txoko ezberdinetan, iglu txiki batean sartuta topatuko dute «Izotz zuloa» eta xistera batean «Hiru dragoi». Modu honetara «irakurleen bila joan» nahi dutela adierazi zuen Bravok. Liburuarekin batera ohartxo bat aurkituko dute, egitasmoaren filosofia haurrari esplikatzean datzana, eta dena ondo ateratzeko, «gurasoen kolaborazioa» eskatu zuten atzo Donostian egindako agerraldian.

Bookcrossing-aren nondik norakoak jarraitzeko, «Eskutik eskura» izeneko bloga zabaldu dute, eskutik.blogspot.com.es atarian, eta guraso nahiz haurren parte hartzea sustatu nahi dute bertan.

Jeloskortasuna landuz

Olatz Bravoren lehenengo haurrentzako ipuinak dira atzo aurkeztutakoak, bere amatasunak horretan pisu handia izan duela aitortu zuen atzo eta ilustratzaileekin egindako lana azpimarratu zuen.

«Izotz zuloa» ariketa bat bezala idatzi zuela azaldu zuen Bravok: «Zein ipuin kontatuko niokeen nire semeari beste bat eduki eta jeloskor balitz». Marko pinguinoaren istorioa kontatzen du. Hasieran pozik dago anaia txikia izan behar duelako baina jaiotzean ez da berak uste duen moduan izango eta helduek ez diote kasurik egingo.

Azpiazuk bere txikitako garaiak gogorarazi zizkiola aitortu zuen, bere anaia jaio zenekoak. «Irudien bidez saiatu naiz emozioetan sakontzen», esan zuen.

«Hiru dragoi», berriz, hiru hilabeteko ekografiaren zain zegoela bururatu zitzaion Bravori, «intuitiboagoa da. Garai hartan sentitzen nuen ilusioa bertan islatzen da». Uharte batean haur bakarra bizi da eta magiarik gabeko lurraldera ihes egingo du hiru dragoiren laguntzaz. Bertan, haur bat ikusiko du lehen aldiz eta bere ametsetan sartuko da.

«Laguntasunaren garrantzia azpimarratu nahi nuen, aurreiritzirik gabe. Hainbeste jatorri ezberdinetako haurrak elkartzen direnean gure parkeetan garrantzitsua iruditzen zait» , esan zuen Bravok.