A. ARRUTI DONOSTIA

«Gerrikoa estutu» beharrean aurkitzen da Durangoko Azoka

Aurten, sekula baino gehiago «gerrikoa estutu» beharko du Durangoko Azokak. 48. edizio honetarako diru laguntza pribatuak jaitsi egin dira eta egoeraren aurrean, erakunde publikoei arduraz jokatzeko eskatu zien atzo Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak.

Abenduaren 5etik 8ra ospatuko den Durangoko Azokak jaitsiera izan du aurrekontuan eta hori dela-eta «gerrikoa estutu» beharraz hitz egin zuen atzo Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak. Daturik luzatu ez bazuen ere, laguntza pribatuak murriztu egin dira eta baita Bizkaiko Diputazioak emandakoa ere. Horregatik, erakunde publikoei ohartarazi zien makrofestibalen aurrean, txikiak ere defendatu behar direla eta erakunde publikoek ere badutela horren ardura.

Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Euskal Kulturgintza XXI. mendean» izeneko jardunaldietan egin zituen Mujikak adierazpenok. Gaur goizean, 48. Durangoko Azokako espazio bakoitzaren nobedadeak eta kokalekua aurkezteko prentsaurrekoa egingo dute gune ezberdinetako ordezkariek.

50 musika emanalditik gora

Hiru asteren faltan, dagoeneko hasi dira egitarauko lehen zertzeladak zabaltzen. Musikari dagokionez, 50 emanalditik gora egingo dira Ahotsenea eta Plateruena guneetan. Lehenengoan, sortzaileen gunean, 48 ordutan bete zen parte hartzeko aukera. 11.00etatik 20.30era, 40 zuzeneko eta beste hainbeste solasaldi izango dira bertan.

Ahotsenean tokirik gabe gelditu diren zenbaitek Plateruenan izango dute aukera, gaueko egitarauaz gain egunean zehar ere egingo baitira kontzertuak aurten. Ruper Ordorikak zabalduko du Plateruenako gauetako egitaraua hil honen 29an. Hurrengo egunean, Eten proiektua aurkeztuko da, emakumeen aurkako tratu txarren kontrako kontzertu batekin. Azoka egunetan, ostegunean Su Ta Gar izango da Plateruenan; ostiralean, Iheskide eta Arkada Social; larunbatean Urtz eta Kautaren txanda izango da; eta igandean, Korrontzik itxiko du aurtengo edizioa.

Hilarion Sarrionandiari omenaldia egingo dio Gerediaga elkarteak igandean

Igande honetan, Pedro Hilarion Sarrionandia -Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» liburuko ardatza- omenduko dute Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak bere heriotzaren 100. urteurrena dela-eta. Sarrionandia 1865. urtean jaio zen Garaiko Barrenkuatze baserrian eta 1913ko abuztuaren 5ean hil zen Zornotzan, Durango eta Bilbo arteko tranbian izandako istripu baten ondorioz. Igandeko ekitaldia 12.00etan hasiko da, Garaiko udaletxean. Haren ibilbidea ezagutzera eman ondoren, Iban Gorritik eta Ibai Elorzak prestatutako film labur bat proiektatuko da, eta Joseba Sarrionandiaren liburuaren pasarte hautatu batzuk irakurriko dituzte Unai Iturriagak, Leire Bilbaok eta Manu Ertzillak, Durangaldeko beste idazle batzuekin batera.

Hilarionek Maroko aldeko misioetan bereber hizkuntza ikasi eta 1905ean hizkuntza horren lehen gramatika idatzi zuen, bertako filologia lanen aitzindari bihurtuz. GARA