Andoni TOLOSA
MUSIKARIA

Noizkoa den ez dakit

Zenbat iraun dezake kanta batek? Hamarkadak, belaunaldiak, mendeak... Entzuleek nahi dutena, horixe iraungo du, ez gehiago eta ez gutxiago. Berdin segundo bat zein milaka urte. Berdin kanta sakon zirraragarriak, zein denbora-pasarako collageak. Berdin «Izarren hautsa» zein «Maite zaitut». Eta, batzuetan, zorionez, hainbat hamarkadatan ahalguztiduna bilakatu den industriaren gogoen gainetik (diskoetxeak, banatzaileak, managerrak, komunikabideak...) gertatuko da.

Beraz, irauteak bakarrik baliotsuago egiten al du kanta bat? Ezezkoan nago. Kanta bati denborak ez dio baliorik gehitzen. Agian, unean uneko moden, usteen eta asmoen geruzak kentzeak ekar dezakeen berrikusketa «hotzagoa». Baina, baita mitifikazio gehiegizkoa (esango didazue, udaran, txosna denboraldia hasten denean!).

Sakralizazioa, denboran iraun beharra... kate luzea dakar, luzeegia. Inoiz izan diren garai hobeetatik zintzilik, haiek islatzen dituzten kantak errepasatuz, orduko eskema berak etengabe errepikatuz gabiltzan bitartean, mutur aurrean joango zaizkigu, agian, ingurua ulertzen lagunduko diguten aukerak, kantak, artistak, moldeak.

Lekua behar bada, iraungi daitezela kantak, joerak, kantariak, utzi lekua «berriei». Hobea al da hemendik hamar urtera gogoratuko dena, egun batean, ahopeka kantari, ibili duzun hori baino? Denbora ez da ezaugarririk esanguratsuena, Interneten egun batek lehengo urte baten balio bera badu. Denbora ez da erronka, musika ezberdinak entzuteko eta estimatzeko ohitura osasuntsuaz disfrutatzea baizik. Lehen, orain eta beti. Noizkoa den? ... Ez dakit.