Ion SALGADO

Urizarren hitzetan, burujabetza lortzeko aldebakarreko prozesua abiatu behar da

Euskal Herriak burujabetzarako aldebakarreko prozesu bat abiatzea beharrezkoa dela esan zuen atzo Eusko Alkartasunako ordezkari nagusiak, Bruselan. Bere ustez, PPko Gobernuaren jarrera ikusita, pentsaezina da erreferendum adostu bat egitea autodeterminazioa lortzeko.

Pello Urizar EAko ordezkari nagusiak atzo Bruselan nabarmendu zuenez, Euskal Herriak independentzia lortzeko alde bateko prozesua martxan jarri behar du. Legebiltzarkidearen ustez, Madrilen «gabezia demokratikoen» ondorioz, ezinbestekoa da halako erabaki bat hartzea. Bestela, euskal gizarteak akordioaren bidetik joko balu, Estatu espainolak beto-eskubidea erabiliko luke herriaren kontra.

Europako Aliantza Libreak erabakitzeko eskubidea lantzeko asmoz antolatu dituen jardunaldietan parte hartu zuen Urizarrek. Eskoziako eredua ezin dela kopiatu ohartarazi zuen, izan ere, PPko Gobernuaren jarrera ikusita, pentsaezina da adostutako erreferendum bat egitea zazpi herrialdeen autodeterminazioa lortzeko.

«Gizartearen abala edukiz gero, burujabetza lortzeko hartu ahal dugun bide bakarra alde bateko bidea da», azaldu zuen politikariak, jarraian zehaztuz azken urteotan Madrilgo Gobernuak inposatutako esparru juridikoa aldatzeko burutu diren ekimenek porrot egin dutela. «Euskal Herriak herritarrek nahi duten bidetik egin behar du aurrera», esan zuen Oriol Junqueras (ERC), Xabier Vence (BNG) eta Patxi Zabaletaren (Aralar) aurrean.

Katalunia eta Eskozia

Aralarreko koordinatzaile nagusiak ez zuen bat egin Urizarrek defendatutako ideiarekin. Europako beste nazioek datozen urteetan egingo dituzten urratsak ikusi eta aztertu nahi ditu aldebakarreko erabakia hartu baino lehen. «Ibarretxeren garaian gertatutakoak eragina izaten ari dira egun, eta Katalunian eta Eskozian orain gertatzen ari denak eta etorkizun hurbilean gertatuko denak eragina izango du herrien edo nazioen Europaren osaketan», gogoratu zuen.

Hala ere, Eskoziako kasuari buruz hitz egiterakoan, Zabaletak Londreseko Gobernuaren jarrera ezberdina dela aitortu zuen. «Britainia Handian Gobernu zentralak ikuspegi demokratikoa du eta erreferenduma nola egin ere adostu du Eskoziarekin, baina Espainiako Estatuko Gobernuak eraso bezala hartu du Kataluniakoa», azaldu zuen.

Horren harira, erabakitzeko eskubidea demokrazian errespetatua izan behar den eskubidea dela aldarrikatu zuen: «Ezinbestekoa da eskubide hori errespetatzea demokrazia izateko». Eta alde horratik, Europar Batasunaren parte-hartzea eskatu zuen. Oriol Junqueras ERCko presidenteak ere nabarmendu zuen EBko ordezkariek estatu gabeko nazioen aldarrikapenak entzun behar dituztela: «EBk bere herritarren eskubide demokratikoak zaindu behar ditu».