«Arantzazu» poema sinfonikoa kantatu eta dantzatu egingo da Zarautzen, Basarriren omenez

Inazio Eizmendi «Basarri» jaio zela ehun urte betetzen direnean, «Arantzazu» ikuskizuna estreinatuko da gaur Zarautzen eta hilaren 30ean Arantzazun. Musika, dantza eta ahotsak bat egingo dute emanaldian.

«Arantzazu» poema sinfonikoa «inoiz ez bezala» estreinatuko da gaur. Zarautz abesbatzak, Zarauzko Musika Bandak eta Gabota dantza eskolak, Oñatiko abesbatza gonbidatu dutela, elkarlanean osatu dute ikuskizun hau, Inazio Eizmendi Basarri (1913-1999) bertsolariaren jaiotzaren urteurrenaren harira. Izan ere, sarri joaten zen Basarri Arantzazura, «bere oporraldiak han igarotzen zituen», gogoratu zuen Jaione Eskuderok, Zarautz abesbatzako zuzendariak, eta horregatik aukeratu dute poema sinfoniko hau, gaur Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian (22.00) estreinatuko dena eta azaroaren 30ean Oñatin (18.00) errepikatuko dena, Arantzazuko santutegian bertan.

«Arantzazu» poemaren hitzak beste zarauztar batenak dira, Aita Salbatore Mitxelena Inurritza-renak, eta berarekin batera beste bi pertsona ere ekarriko dituzte gogora. Aita Karmelo Iturria zarauztarrak basilika berriaren inaugurazioa ospatzeko antolatutako konposizio lehiaketara aurkeztu baitzuen Aita Patxi Madina musikari oñatiarrak 1956an «Arantzazu» obra.

150 artista

Guztira 150 lagunek hartuko dute parte. Hamabi zatitan banatzen da poema eta horietako lau dantzaz lagunduko dira. Gabotako Garbiñe Aizpitartek eta Mireia Alberdik prestatu dituzte koreografiak zortzi dantzarirentzat. Istorio bat kontatzen du poemak, eta dantzaz interpretatuko dituzte udaberriko festak, herriko dantza eta erromeria, herritarren otoitzaldia eta Arantzazuko amari omenaldia: «emozio handia sortzen dutenak aukeratu ditugu», esan zuen Alberdik.

Oñatiko abesbatzaz gain, beste hainbat gonbidatu ere izango dira: Inaxio Goenaga eta Joxe Gurrutxaga tenore zarauztarrak, Amaia Azpiazu soprano oñatiarra eta Agustin Zubimendi baritono zumaiarra.

Ikuskizunerako sarrerak Zarauzko Turismo bulegoan daude salgai, hamar euroan.